Udazkeneko Organo Zikloaren bigarren kontzertua izanen da azaroaren 1ean, larunbatean, 18:30ean San Martin elizan. Lesakako Roqués organo historikoa protagonista izanen da berriz, Donostiako Easo Gizon Abesbatzaren indar eta berotasunarekin bat eginen duen kontzertuan. Oscar Candendo organistak joko duen organoaren ahalmena eta Gorka Mirandak zuzenduko duen abesbatzaren adierazkortasun korala uztartuko dira, harmoniaz betetako soinu-bidaia eskaintzeko. Lesakako Abesbatzak antolatu du kontzertua, udalaren babesarekin. Sarrera doan izanen da.
Egitaraua
Lehenbiziko zatian, Easo gizon abesbatzak eta organoak, elkarrekin, Jesus Guridiren Misa de Requiem sorkuntzaren zenbait atal eskainiko dituzte. Bigarren zatian, Easo abesbatzak XX. Mendeko euskal errepertorio korala kantatuko du, bertzeak bertze Aita Donostiaren (1886-1956), Luis Aranbururen (1905-1999), Jesus Guridiren (1886-1961), Pablo Sorozabalen (1897-1988), Jose Tomas Uruñuelaren (1891-1963) eta Sabin Salaberriren (1934) piezak.