2024ko Bilboko Udalaren Blas de Otero-Angela Figuera nazioarteko XVII. Poesia Lehiaketa irabazitako lana argitaratu du Ereinek
1974an Lesakan sortua, Kimikan lizentziatua da Iban Garro eta bertsolaritzaren mundutik ailegatu da poesiara. Honako poesia lan hauek ditu argitaratuak: Omar (2015), Hidris-en aulkia (2016), Gure artekoaz ari naiz (2018) eta Geroxeago itzuliko naiz (2019), denak Iruñeko Udalak antolatzen dituen egile berrientzako literatur lehiaketaren baitan osatutako bildumetan.
Udalbiltzak antolatutako Geuretik Sortuak proiektuaren lehen edizioan Urepelen (Nafarroa Beherea) izandako egonaldia baliatuz, Behe Lainoak poesia lana sortu zuen, Hamazazpigarrenean aidanez (Udalbiltza, 2022) bilduman argitaratu zena.
Larrosa bat Groenlandian (Iruña Hiria saria, 2023) izan zen bakarka argitaratu zuen lehendabiziko lana, Denonartean argitaletxearen eskutik eta orain, 2024ko Blas de Otero-Angela Figuera poesia saria irabazi zuen Euri beroak, Erein argitaletxearekin.
Emozioz betetako liburua
Garrok aurkezpenean aipatu zuenez, liburuaren abiapuntua familia kontakizun ilun bat izan da: 1937ko ekaitz gau batean, bere senide bat engainuz mendian hil zutela dioten pasadizo bat: «Banekien historia bat bazegoela azpian eta historia horretara ailegatu nahi nuela, baina ez narratiboki, baizik poetikoki. Batez ere emozionalki bide hori egin nahi nuen». Hortaz, emozioaz betetako liburua da Euri beroak: beldurra, amorrua eta maitasuna agertzen dira, baita familia giroaren eta baldintzarik gabeko maitasunaren adierazpenak ere. Garrok azpimarratu duenez, bertsolaritzak eragin handia izan du bere poesia idazteko orduan, «bertsolaritzatik etorritako hitz jokoak, errimak eta doinuak bere poemetan txertatzen ditut, neurrian eta testuinguru poetikoan».