Lesakako San Fermin elkarteak giro ederrean ospatu du bere eguna

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 27a

Ioritz Iriarte Azpirozek Aurreskua bikain dantzatu zien omenduei, Lesakako San Fermin elkartearen egunean.

Lesakako San Fermin erretiratuen elkarteak igande honetan ospatu du bere eguna, Lesakako Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin antolatutako ospakizunean. Ohi bezala, 85 eta 90 urte bete dituzten bazkideak omendu, bazkaldu, dantzatu eta urte osoan jokatutako txapelketako irabazleei sariak eman zizkieten igandean.

85 eta 90 urte bete dituzten bazkideak omentzeaz gain, urte osoan egindako txapelketetako sariak banatu zituzten igandean

Ospakizuna hasteko, Ioritz Iriarte Azpiroz dantzari gazteak Aurreskua bikain dantzatu zien omenduei Alondegian. 85 urtekoak Maria Teresa Martinez, Margarita Susperregi, Begoña Orube, Bixenta Ferrero eta Jean Mesplé ziren eta 90 urtekoen artean, Juanita Almandoz, Kontxi Iantzi, Asun Fagoaga eta Maria Luisa Portu. Denek ez zuten ekitaldira agertzerik izan, baina denentzat izan zen Aurreskua. Oroigarriak ere eman zizkieten omenduei.

Gehiago ere baziren omenduak, baina 85 urteko Maria Teresa Martinez eta 90 urteko Juanita Almandoz eta Kontxi Iantzi izan ziren ospakizunean.

 

Txapelketetako irabazleak

Gero, bazkaria izan zuten jubilatuen jatetxean eta bazkalondoan dantzaldia eta txapelketetako sari banaketa egin zuten. Ibilaldi arautuan Dolores Albizu, Nekane Catalan eta Maria Jose Garcia izan ziren saridunak; tokan, Alfonso Feito; arku eta itu-pilotetan, Jose Manuel Curto; bolan, Noemi Vaquero; igelan, Nekane Catalan, eta, uztaietan, Antton Guruchet.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun