Altzateko lanak tarteko, Kanttonberri karrikan eta Iamoteneko aparkalekuan paratu zituzten atzo Lurraren Eguneko postuak. Gainerakoan, 10:30ean ireki zuten azoka, eta hortik aitzinera, elikagaien salmenta postuak, artisauen erakusketak, barazkien eta fruituen erakusketa, talo postuak eta baserriko lanabesen erakusketa izan ziren.
Musika doinurik ere ez zen falta izan, eta Irats eskolako trikitilariak eta pandero jotzaileak, Berako musika eskolako txistulariak eta Berako txistulariak, eta Oiartzungo Xirolarru taldea arduratu ziren giroa alaitzeaz.
Izokina ere protagonista izan zen atzokoan. Aitzinetik epaileek aukeratutako ikastetxe bakoitzeko pintxoa erosteko aukera izan zen ikastetxe bakoitzaren postuan, eta horrez gain, Martikok bere produktuekin postua paratu zuen, San Jose egoitzako egoiliarrentzat dirua biltzeko asmoz.
Gasna lehiaketa herrikoia
Arratsaldean, gasna eta sagardo lehiaketako sariak banatu zituzten San Jose egoitzaren aitzinean. Gasna lehiaketa herrikoia izan zen eta, 29 boto lortuta, Etxalarko Ursua baserriko Jorge Arizaleta Azkarragak irabazi zuen lehenbiziko saria. Hala, beretzat izan ziren 250 euroak eta kaikua. Aitor Elexpuru Berako alkatearen eskutik hartu zuen saria. Bigarren saria Berako Alkebereko Bernat Errandonearentzat izan zen. 24 boto bildu zituen eta Jaione Dozagarat Gure Txokoa elkarteko lehendakariaren eskutik hartu zuen saria: 150 euro eta kaikua. Hirugarren saria ere Beran gelditu zen. 17 boto lortuta, Atalabordako Jose Mari Irazoki gelditu zen hirugarren eta Lupe Mendigutxia kultur zinegotziak eman zion 75 euroko saria.
Sagardo lehiaketa
Sagardo lehiaketan, berriz, Berako Joxe Irastorzak eraman zuen lehenbiziko saria. 200 euro eta Lesakako Linddurrenborda sagardotegian bi lagunentzat otordua hartu zituen saritzat. Bigarren saria, berriz, Alkaiagara joan zen. Felipe Matxikoterentzat izan ziren 100 euroak eta Linddurrenborda sagardotegian bi lagunentzat otordua. Gure Txokoa elkartearen izenean bi sariak Txomin Elgorriagak banatu zituen.
Eguna borobiltzeko, San Jose egoitzaren aitzinean mutxikoak izan ziren Otsanda musika taldearekin.