Nerea Sorondok 20 minutu eta 16 segundo behar izan zituen 36 ontzako, 45 ontzako eta 54 ontzako bina enbor mozteko. Nerea Arrutik 18 segundo gehiago behar izan zituen (20.34) eta Laiene Pikabea hirugarren izan zen (22.08). Ondotik sailkatu ziren Uxue Ansorregi (23.27), Karmele Gisasola (23.53) eta Irati Astondoa (24.15).
Nerea Sorondoren erranetan, «horrenbertze urte eta gero oraindik ari naiz nire lanean zentratzen eta hasieratik aitzinetik jarri naizenean horri eusten saiatu naiz. Ez nuen uste txapela jantziko nuenik, negarrez pasatuko dut astea, gero eta indartsuagoak datoz aizkolari gazteak eta gero eta zailagoa da».
Nerea Arruti ere pozik zegoen, «ama izan nintzen orain dela sei hilabete, eta nire nibelean ez nago oraindik, baina hurbiltzen ari naiz».
Gizonezkoen bigarren mailako kanporaketa ere
Horretaz gain, gizonezkoen bigarren mailako aizkolari txapelketaren kanporaketa ere jokatu zuten Elgoibarko jaialdian. Ugaitz Mugertza, Eneko Saralegi, Iosu Santamaria, Ibai Soroa eta Iban Resano aritu ziren lehian. Bortz enbor moztu zituzten: 54 ontzako hiru enbor eta 60 eta 72 ontzako enbor bana. Soroak (15.06), Mugertzak(15.54) eta Saralegik (16.52) lortu dute finalerako txartela.
Biharamuneanm, Euskal Herriko aizkolari gazteen txapelketan, Beñat Senosiain suertatu zen txapeldun.