Suharri Iratzoki Senper

«Lehen plazaren oroitzapen polita dut»

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 26a

Suharri Iratzoki erdian lehen plaza egin berritan.

Suharri IRATZOKI SENPER, Berako kirolaria

20 urteko gazte beratarra da Suharri Iratzoki Senper. Ttikitatik izan da kirolaria, eta azken aldian, aizkoraren munduan ari da. Aurtengo abuztuan egin du aizkolari gisa lehen plaza.

Aurkeztu zure burua. 

Suharri Iratzoki Senper naiz 20 urteko Berako gazte kirolaria. 

Zein dira zure zaletasunak?

Kirola. Ttikitatik kirolaria izan naiz eta kirol aunitz probatu ditut eta gehienetan ongi moldatu naiz. Gainera, bizitzan ingurukoekin tratu ona eta alaia izatea gustatzen zait.

Zer da Beratik gehien gustatzen zaizuna?

Herri ttiki bat izanda, gazteen arteko erlazioa. Denak ezagutzen garenez, adin diferentetako jendearekin harremana izateko aukera dugu eta plan mota aunitz egiten ahal ditugu.

Eta guttien? 

Karrikan barna gazte aunitz erdaraz solastatzen aditzea.

Aizkoran aritzen zara. Zein izan da zure lehenengo plaza?

Garraldan izan zen, ustekabean. Bezperan Nerea Sorondok deitu ninduen pertsona baten bila ari zirela eta aukera eman zidaten. Oroitzapen polita dut nahiz eta urduritasunak ez zidan utzi %100an gozatzen. 

Nondik heldu zaizu afizioa?

Ttikitatik herri kirolak eta indar probak gustatu izan zaizkit nahiz eta beti futbolean aritu naizen. Futbolean belauneko lesioa izan nuen eta ezin izan nuen berriz jokatu. Aizkoraren mundua probatzeko aukera izan nuen lagun bat aritzen zelako eta txirrinta sortu zidan. 

Zer da aizkoran aritzetik gehien gustatzen zaizuna? 

Euskal kultura eta tradizioa sustatzea, eta gure arbasoen lana nola egiten zen ikastea. Plazetan sortzen den giroak hurbiltasuna ematen du eta sentsazio polita da ikusleen eta kirolarien artean errespetua dagoelako.

Eta zuretzat gogorrena? 

Aunitz sufritu behar dela. Hasieran, eskuak gogortu arte aunitz sufritzen nuen babak aterarzen zitzaizkidalako eta bizkarretik eta gerritik ere ez nintzen ongi ibili. Kirol hagitz teknikoa da eta mozketak ongi egitea eta posturak ongi mantentzen ikastea aunitz kostatzen ari zait. 

Zeinekin entrenatzen zara? 

Donato eta Patxi Larretxearekin Mugairin. Bertan 4-5 gazte elkartzen gara eta egurrak prestatzeko  eta entrenatzeko.

Etorkizunean zer asmo duzu? 

Erakustaldi gehiago egitea eta horretarako ongi prestatzea, nahiz eta orain, egun batez bakarrik entrenatzen ahal naizen.

Bete nahi duzun ametsik? 

Aizkora txapelketetan parte hartzea eta horretarako hagitz ongi prestatzea. Nahiz eta aunitz ikasi eta sufritu beharko dudan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun