Lesakako San Fermin elkartearen eguna ospatuko dute igandean

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 24a

Aurten ere aurreskua dantzatuko zaie 85 eta 90 urte bete dituzten San Fermin elkarteko bazkideei.

Lesakako San Fermin erretiratuen elkarteak urriaren 26an ospatuko du bere eguna, Lesakako Udalaren eta Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin antolatutako ospakizunean. Ohi bezala, 85 eta 90 urte bete dituzten bazkideak omendu, bazkaldu, dantzatu eta urte osoan jokatutako txapelketako irabazleei sariak emanen dizkiete igandean.

Urriko azken igandeko egitarauari dagokionez, 13:00etan Aurreskua dantzatu eta oroigarriak emanen zaizkie Alondegian aurten 85 eta 90 urte bete dituzten kideei. 85 urtekoak Maria Teresa Martinez, Margarita Susperregi, Begoña Orube, Bixenta Ferrero eta Jean Mesplé izanen dira eta 90 urtekoen artean, Juanita Almandoz, Kontxi Iantzi, Asun Fagoaga eta Maria Luisa Portu. Beharbada denek ez dute agertzerik izanen.

14:00etan bazkaria izanen dute jubilatuen jatetxean eta bazkalondoan dantzaldia eta txapelketetako sari banaketa eginen dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun