Palestina

Palestinari buruzko 'Omar' filma ortziralean Arantzan ikusgai

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 23a

Arantzan egiten ari diren Palestinaren aldeko zikloa bihar borobilduko dute. 

Urriko ortziraletan, Palestinaren aldeko filmak eta dokumentalak ikusteko aukera izan dute Arantzan. Urriaren 10ean, adibidez, No Other Land dokumentala pantailaratu zuten, eta urriaren 17an, The Salt of the Sea. Palestinaren aldeko zikloa bukatzeko, bihar, urriaren 24an, Omar filma ikusteko aukera izanen dute. 

Film honek harrera ona izan du. Omar gazte palestinarra da protagonista eta balak saihestera ohitu da Nadiari, bere maitasun sekretuari, bisita egin eta pareta gurutzatzen duen bakoitzean. Egunez okin lanak egiten ditu; arratsez, berriz, Israelen okupazioaren kontra borrokatzeko prestatzen da bere haurtzaroko lagunekin, Nadiaren anaia Tarekekin eta Amjadekin. Baina bere bizitza betiko aldatuko da egun batean. Jada deus ez da berdina izanen ez beretzat ez Nadiarentzat. Indarkeria, traizio eta gorrotoak ekarritako zurrunbilo batek harrapatuko du. Bere printzipioei leialki kasu egiten saiatuko da, bere bizitzaren eta maitasunaren alde borroka egiten duen bitartean. Hany Abu-Assad zinemagile palestinarraren lana da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun