Zergatik da garrantzitsua egun hau?
Helduen artean desgaitasuna sortzen duen kausa nagusiena iktusa da, lehenbiziko heriotza kausa emakumeen artean eta bigarrena gizonen artean. Lesakako Osasun Zentroaren arabera, «azken 20 urteetan, iktusak eragindako hilkortasunak eta desgaitasunak beheiti» egin du, baina «detekzio goiztiarraren eta arrisku faktoreen kontrolaren hobekuntzari esker, intzidentziak goiti segitzen du». Horrekin batera, «arrisku faktoreen prebentzioa eta kontrola eta diagnostiko goiztiarra eragina murrizteko funtsezkoak» direla oroitarazi du.
Zer da iktusa?
Bat-batean agertzen den garuneko zirkulazioaren buruko nahasmendua da iktusa, «garunean odol fluxua bat-batean gertatzen da», eta bi motatakoak izaten ahal dira.
- Hemorragikoa: garuneko odol hodi bat hautsita gertatzen dena.
- Iskemikoa: garuneko eremu jakin batean doan odol ekarpena bat-batean eteten denean gertatzen da, gehienetan koagulu baten eraginez.
Iktusa «larrialdi medikoa» dela azpimarratu du Lesakako Osasun Zentroak. Izan ere, «ukitutako eremuan oxigenorik ez egoteak lesioak sortzea edo garuneko ehuna hiltzea eragin dezake». Horregatik, «garuneko kaltea murrizteko eta errekuperatzeko aukerak handiagoak izateko, berehalako arreta» behar dela gaineratu du: «erreakzio-denbora faktore erabakigarria da». Eta bide horretan, «beharrezkoa da lehenbiziko sintomak ezagutu eta sumatzea, eta agudo erreakzionatzea».
Nola sumatu iktusa?
Hauek dira sintomak:
- Aurpegi asimetrikoaren keinua du.
- Ezin du beso bat altxatu.
- Solastatzea kostatzen zaio edo ezin du solas egin. Ulermena nahasia.
- Arrazoirik gabeko zorabioak ditu.
- Alterazioak ditu bistan, bista lausoa du.
- Bat-batean buruko min handia hasi zaio.
Zer egin halakoetan?
«Lehenbailehen» 112ra deitzearen garrantziaz aritu da Lesakako Osasun Zentroa, «osasun zerbitzukoei sintomak esplikatzeko». Eta anbulantziari esperatu bitartean, hauxe gomendioa: «Bilatu toki seguru bat eta erran pertsona horri jartzeko edo etzanda jartzeko, baina burua altxatua duela eta saiatu ahalik eta lasaien egon dadin».
Nola prebenitzen ahal da iktusa?
Aholku hauek eman ditu Lesakako Osasun Zentroak:
- Dieta orekatua egin.
- Ariketa neurrian egin. Oinez ibiltzea «hagitz ona» da Lesakako Osasun Zentroaren hitzetan.
- Alkoholik ez edan, eta batez ere, ez erre.
- Osasun zentroan arrisku faktoreak kontrolatu, hau da, pisua, tentsio arteriala, kolesterola eta azukrea odolean.
- Palpiltazioak izanez gero, kontsultatu.
- Ongi bete agindutako tratamendua.