Euskal Herriko emakumezkoen aizkora txapelketaren finala jokatuko dute urriaren 25ean, larunbatean 12:30ean hasita Elgoibarko Kalegoen Plazan (euria eginen balu, Olaizaga kiroldegian). Nerea Sorondo Maritorena beratarra, Nafarroako txapelduna eta Euskal Herrikoan iaz txapeldun orde izandakoa, izanen da eskualdeko ordezkari bakarra. Berekin batera, Nerea Arruti gaur egungo txapelduna, Laiene Pikabea, Karmele Gisasola, Irati Astondoa eta Uxue Ansorregi ariko dira lehian. Seina enbor moztu beharko dituzte: 54 ontzako, 45 ontzako eta 36 ontzako bina enbor.
Horretaz gain, gizonezkoen bigarren mailako aizkolari txapelketaren kanporaketa ere jokatuko dute Elgoibarko jaialdian. Ugaitz Mugertza, Eneko Saralegi, Iosu Santamaria, Ibai Soroa eta Iban Resano ariko dira lehian. Bortz enbor moztu beharko dituzte: 54 ontzako hiru enbor eta 60 eta 72 ontzako enbor bana.
Aizkolari gazteen txapelketa igandean Balmasedan
Biharamunean, urriaren 26an, igandean 13:00etan hasita, Euskal Herriko aizkolari gazteen txapelketa jokatuko dute Balmasedan (Bizkaia). Ez da eskualdeko aizkolaririk izanen. Beñat Senosiain, Unai Valverde, Markel Iturralde, Jon Zaldua eta Jakes Iruretagoiena ariko dira eta 45 ontzako lau enbor eta 54 ontzako bi enbor moztu beharko dituzte.