Parte hartzaileek Iamotenetik Lizuniagako kaskora arteko bidea osatu beharko dute lasterketa, denera 4,9 kilometroko bidea. 17:00etan aterako dira lasterkariak eta 14 urtetik gorakoek hartzen ahalko dute parte. 150 lasterkariko muga ezarri dute antolatzaileek.
Izena emateko bi bide izanen dira. Eguna baino lehen egin nahi dutenek online egiten ahal dute hemen edota guretxokoa.lizuniaga@gmail.com helbidera edo 626 30 94 38 zenbakira idatzita. Zortzi euro ordaindu beharko dituzte. Egunean berean egin nahi dutenek, berriz, 12 euro ordaindu beharko dituzte.
Sariak egonen dira lehen hiru sailkatuentzat, bai gizonezkoetan bai emakumezkoetan. Sari bereziak ere izanen dira lehen beratarrentzat, gizonezkoetan eta emakumezkoetan, lehen beteranoarentzat, gizonezkoetan eta emakumezkoetan, eta 14 eta 18 urte bitarteko lehen sailkatuarentzat, gizonezkoetan eta emakumezkoetan.
Haurren lasterketak ere bai
Helduen lasterketaren aitzinetik, azken urteetan bezala 14 urtetik beherako haurren txanda izanen da. 15:30ean hasita jokatuko dituzte haurren lasterketak.
Bortz kategoria izanen dira adinaren arabera banatuak:
- 2020a eta ondotik jaiotakoek, Urkila harategitik Iamotenera arteko bidea eginen dute.
- 2018-2019an jaiotakoek, 6 eta 7 urte dituztenek, Rozas janari dendatik Iamotenera arteko bidea eginen dute.
- 2016-2017an sortutakoek, 8 eta 9 urte dituztenek, itzuli oso bat emanen dute Iamotenetik atera, Legia gurutzatu, eta berriz ere Iamotenera ailegatuz.
- 2014 eta 2015 urteetan sortutakoek, 10 eta 11 urteko haurrek, itzuli eta erdi egin beharko diote ibilbideari Rozasetik atera.
- 2012-2013, 12 eta 13 urte dituztenek, berriz, bi itzuli eginen dizkiote ibilbideari Iamotenean hasiz eta bukatuz.
Bortzirietako Lasterketa Herrikoien Kopako parte
Lizuniagako Igoera Bortzirietako Lasterketa Herrikoien Kopako azkeneko proba izanen da.
Ane Elzaurdia beratarra da orain arteko emakumezkoen liderra 400 punturekin eta orain arteko proba denak irabazita. 356 puntu ditu Amaia Jorajuria doneztebarrak eta 255 puntu Amaia Etxarte doneztebarrak. Gizonezkoen sailkapeneko buru Aritz Arratibel da 375 punturekin. Hodei Lujanbio goizuetarra dago bigarren postuan 355 punturekin eta Gwendal Larque beratarra 330 punturekin. Taldekako sailkapenean, Eziñin taldea da lehena 718 punturekin eta Xerpak bigarrena 652 punturekin.
Azken sailkapena osatzeko kontuan hartuko dituzte bortz lasterketatik lautan lortutako posturik onenak.
Sariei dagokionez, gizonezkoen eta emakumezkoen kategoriako lehen bi sailkatuek eta bi talde onenek koparen babesle diren Ibardin Fundazioaren, Mazizior Edarien eta Martikoren eskutik sortak hartuko dituzte.
Gainera, bort lasterketetatik lautan parte hartu duten korrikalari guztiek Berako zein Lesakako udalek dohaintzan emandako oparia izanen dute. Bi udalak Bortzirietako Kopako kolaboratzaileak dira.