Ortziralean eta larunbatean borobilduko dute 'Izokina Bidasoan gora eta Bera' zikloa

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 22a

Izokina solasalgai dute urrian Beran Izokina Bidasoan gora eta Bera zikloaren barrenean. Pasa den astean hasi zen zikloa, eta ortzirale eta larunbata honetan borobilduko dute. 

Ortziralean herriko ikastetxeetako ikasleak Mugairiko Nasara eta arrain haztegira joanen dira eta bertan bisita gidatuak eginen dituzte. Arratsaldeko 17:00etan, Kultur Etxean El salmón del Bidasoa, una especie a conservar hitzaldia eginen dute gazteleraz, eta ondotik, 18:15ean, Bidasoko izokinari buruzko ahozko memoriaren aurkezpena eginen dute 18:15ean. 

Arratsaldea izokina dastatuz bukatuko dute, 19:30ean hasita herriko hainbat ostatutan izokin pintxoen dastaketa eginen baitute Maitagarriak txarangak alaituta. 

Larunbatean 10:00etan Montoia eta Endarlatsa arteko arrantza tartean oinezko ibilbidea eginen dute arrantzaleen azalpenekin. 12:00etan Bera Kantari taldekoak ariko dira Kanttonberrin eta 13:00etan Berako artistek egindako Bidasoko izokinei buruzko artelana aurkeztuko dute. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun