Lurraren Eguna dela eta, hainbat aldaketa eginen dituzte igandean Berako aparkalekuetan

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 22a

Igande goizean 06:00etatik 20:00etara ezin izanen da Toki Ona pareko aparkalekuan kotxerik utzi.

Igandean eginen dute Berako Lurraren Eguna. Iamoteneko  edo Toki Onako aparkalekuan eta Kanttonberri karriketan paratuko dituzte postuak, eta hainbat aldaketa izanen dira aparkalekuetan eta herriguneko autobus geltokian. 

Kanttonberri, San Jose egoitzako ingurua eta Iamoteneko aparkalekua: 

Trafikoari eta aparkalekuei dagokionez, hiru gune horietako aparkalekuek libre egon beharko dute 06:00etatik 20:00etara. Ordutegi horretan ezin izanen da ibilgailurik pasatu ez aparkatu gune honetan. Etxebizitzen sarbide libre utziko dute, baina ez saltokien eta etxabeen aurrealdea. 

06:00etatik 20:00etara garajeetatik autoak ezin izanen dira sartu eta atera eta 10:30etik 18:00etara gune horiek oinezkoentzat bakarrik izanen dira. 

Behin behineko aparkalekuak 

Ohiko aparkalekuez gain, aparkatzeko bertze gune batzuk ere egokituko dituzte iganderako. Toki Ona institutuko aparkalekuan 08:00etatik 21:00etara aparkatzen ahalko da, eta Bidasoa karrikan Agerrako futbol zelai ondoko belar soroa ere irekiko dute aparkatzeko. 

Autobus geltokian aldaketak

Urriaren 25ean eta 26an, Lurraren Egunean eta bezperan, Toki Onako aparkalekuaren ondoko geltokia ez da erabilgarri egonen. Egun horietan bertako geltokia Bidasoa karrikara pasatuko da. Iruñeko noranzkoan Bidasoa karrikako 12. zenbakian egonen da geltokia, Martzutzak dendaren parean, eta Irungo noranzkoan berriz, Bidasoa karrika 5ean, Apezabaita etxe parean. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun