Neurri ttikiagoan eginen dute Lurraren Eguna igande honetan Beran

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 22a

Urriko laugarren igandean izaten da beratarrentzat hain seinalatua den Lurraren Eguna. Aurten aldaketak izanen dira kokapenean, aste honetan hasi diren Altzateko lanak tarteko, Kanttonberri karrikan eta Iamoteneko aparkalekuan paratuko dituzte postuak. 

Lurraren Eguna igandean izanen bada ere, larunbatean ere, urriaren 25ean, hainbat ekitaldi izanen dira. 15:30ean haurren Lizuniagako Igoera jokatuko dute eta 17:00etan hasiko da  helduen proba izanen da. Lasteketak bukatu eta sari banaketa ekitaldiak egin ondotik, 19:00etarako Gure Txokoa Dantza Taldeak jaialdia antolatua du frontoian. Berako, Irungo eta Igualadako (Katalunia) dantzariak ariko dira dantzan emanaldian.  

Igandean izanen da egun handia. Aurten, leku aldaketarekin. Izan ere, Altzate karrikako lanak tarteko, Kanttonberri karrikan, eta Iamoteneko aparkalekuan paratuko dituzte postuak, eta ohi baino guttiago izanen dira leku faltagatik. 

Igandeko egitaraua

Egitarauari dagokionez, 10:30ean irekiko dute azoka txalaparta doinuekin, eta 14:00ak arte egonen dira irekiak elikagaien salmenta postuak. Gainera, artisauen erakusketak, barazkien eta fruituen erakusketa, talo postuak eta baserriko lanabesen erakusketa izanen dira egun osoan.

Musikariak ere ariko dira karrikaz karrika: Irats eskolako trikitilariak eta pandero jotzaileak, Berako musika eskolako txistulariak eta Berako txistulariak, eta Oiartzungo Xirolarru taldea. 

Bertze urteetan bezala, 11:00etan gasna lehiaketa herrikoia eginen dute eta 12:00etan sagardo lehiaketa. Izokina ere protagonista izanen da igandean. Aitzinetik epaileek aukeratutako ikastetxe bakoitzeko pintxoa erosteko aukera eskainiko da. 12:00etatik aitzinera egonen dira pintxo horiek ikastetxe bakoitzaren postuan salgai. Gainera, goizean hasita, Martikok bere produktuekin postua paratuko du eta bildutako diru dena San Jose egoitzako egoiliarrentzat izanen da.

17:00etan gasna eta sagardo lehiaketaren sari banaketa eta bertso saioa izanen dira San Jose egoitzaren aitzinean eta eguna borobiltzeko, mutxikoak izanen dira leku berean Otsanda musika taldearekin. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun