Usategietako asteburua jendetsua izan da Etxalarko plaza inguruan

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 22a

Mugimendu handia izan da urriaren hirugarren asteburuan Etxalarren eta aspaldiko urteetan ez bezala, Etxalarko plaza jendez lepo ikusi zen bi egunetan. Larunbat goizetik paella lehiaketak hartu zuen frontoia. Hiru lagunez osatutako hamazazpi taldek egin zituzten paellak eta onena Bea eta Amaia Agirre eta Alfonso Sueskunena zela erabaki zuen epaimahaiak.

Paellekin bazkaldu ondotik, jokoak, guraso elkarteak eskainitako jan-edatekoak, su artifizialak eta Hago Silik, Kulto Kultibo eta DJ Inaxioren kontzertuek osatu zuten eguna. Igande goizean Altxatak talo postua jarri zuen Lizarietan eta jendetza erakarri zuen Puro Relajo taldeak arratsaldean plaza ingurura. Kontzertuaren ondotik egurrezko bi eskulturen zozketa egin zen eta oraindik eskultura baten jabea ez da azaldu. 428 zenbakidun txartela duena jar dadila Altxatarekin harremanetan (hilabete bateko epea).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun