Mezenasgo zigilu horri esker, egoitza fiskala Nafarroan duen edozein herritarrek Berako San Jose egoitzari diru ekarpen bat egiten badio, hurrengo urteko errentaren aitorpenean, egindako ekarpenaren %80 desgrabatuko zaio 250 euro arteko ekarpenetan. 50 euroko ekarpena egiten duenak 40 euro hartuko ditu bueltan, 100 egiten duenak 80, 150 egiten duenak 120, 200 egiten duenak 160 eta 250 egiten duenak 200. Norberak erabakitzen ahalko du zer ekarpen egin eta zenbatean behin.
Desgrabazioa egin ahal izateko Nafarroako Gobernuak datu batzuk behar ditu, eta horiek betetzeko dokumentuak honako lekuetan utziko dituzte: zahar etxean bertan, herriko etxean, Igone papertegian, Purienean, Aloña farmazian eta Arantxa farmazian.
«Egoiliarren kuota ez da aski»
San Jose egoitzak nabarmendu du «egoiliarren kuotekin ez dela nahikoa gastu arruntak ordaindu eta inbertsioak egiteko: komunak egokitu, altzari berriak erosi, ohatzeak...». Egoitzak nabarmendu du udalak «ahalegin handia» egiten duela, aurtengo aurrekontua bikoiztuz, baina, «hori ez da nahikoa». Berriki izandako gertaera baten berri eman du: «Ura eta saneamendu sareko isuriak konpontzeko ustekabeko 45.000 euroko gastua ekarri du.
Lortuko diren ekarpenekin egoiliarren «bizi baldintzak hobetzeko eta goxatzeko» proiektu berriak paratu nahi dituzte martxan: Kanpoko aldean txoko estali bat, aisialdi jarduerak antolatzeko edo naturan egoteko. «Funtsean, egoiliarren egoera hobetu eta bizitzaren azkeneko urteetan kalitatezko bizitza eskaini nahi diegu gure aitatxi eta amatxiei. Erronka handia da!».
Egoitzak nabarmendu du Berako herriak egoitzari «laguntza handia» ematen diola, izan aldikako ekarpen ekonomikoen bidez, boluntarioen lanaren bidez, ikastetxe zein kultur zein kirol elkarteek ematen duten laguntzaren bidez... «Orain laguntza ekonomikoa behar dugu, eta herritar guztiei dei egiten diegu, bakoitzak bere ahalmenaren arabera egiteko ekarpena».