[ARGAZKIAK] Lesakako kantu zaharren eguna hunkigarria eta arrakastatsua izan da aurten ere

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 21a

Emozio handiko eguna izan zen aurten ere Kantu zaharren eguna, «irri, negar, kanta eta dantza egin egin genuen eta hagitz gustura», Maider Goizueta antolatzailearen erranetan. Aurten, bertan afaldu ondotik, gaueko musika ere izan zuten gainera, goizaldeko ordu biak arte luzatu baitzuten ospakizuna.

Eguna zahar etxea bisitatuz hasi zuten, gero karrikaz karrika ibili ziren Plaza Zaharretik Koxkontara eta bazkaria izan zuten 160 lagunek. Musika eta bertso kontuetarako Jalisco, Beñat Mitxelena, Angel Mariezkurrena, Frantzisko Santxotena, Manolo Arozena eta Juan Mari Lopez izan zituzten, baina beraiekin batera, Fraindarrak, Goitarrak, Niko eta Kemen Beloki aita-semeak… ere izan ziren oholtzan. Musika, kanta eta dantza artean, omenaldi hunkigarriak ere izan ziren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun