Bortzirietako abeltzainek ez dute aziendarik plazaratuko aurtengo Lesakako Ferietan

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 21a

Itxura batean, nekez ikusiko da horrelako irudirik aurten Lesakako ferietan.

Lesakako feriak azaroaren 20an egiten badira, eta hala daude iragarriak, Bortzirietako abeltzainek erabaki dute, «ez dugula azienda plazara aterako. Erabaki hau urriaren 19an, Lesakako ferietan aziendak ateratzen dituzten abeltzainek egindako bilera batean hartu zuten, «urtean zehar Lesakako Udaleko ordezkarien jarrera zein izan den kontutan harturik».

Abeltzainek diotenez, «urteak» daramatzate, «sei bederen, feria eguna aldatzeko eskatuz, baina inork ez zuen egin beharreko prozesua garaiz bere gain hartzen eta, urtero, berriz ere, urte bat gehiagoz atzeratzen zen erabakia». Urte hasieran abeltzainek bere gain hartu zuten eguna aldatzeko prozesua abiatzeko asmoa eta udalera jo zuten, «aitzinetik nahiko denbora zegoela, gai hau planteatzeko». Urtarrilean izan zuten lehendabiziko bilera abeltzainek udal ordezkariekin. Orduz geroztik, hainbatetan izan dituzte hartu-emanak, «gehienetan abeltzainek eskatuta, baina hamar hilabeteren buruan ia ez da aitzinera pausurik eman».

Ekainean izandako bileran, abeltzainek adierazi zuten parte-hartze ordenantzak (oraindik onartzeke zegoenak) ezartzen zuen prozesua «ez genuela gure gain hartu nahi eta batzorde ireki bat egitea nahiago genuela herritarrek ere parte har zezaten. Hala, bilera horretan, ustez, bi aldeek adostu genuen besta batzorde bat eginen zela eta prentsan horren berri emanen genuela kontua zertan zegoen herritarrei informatzeko».

Iraileko besta batzordean «tratu lotsagarria»

Irailean egin zen besta batzordean, abeltzainek jaso zuten tratua «lotsagarria» izan zela uste dute. «Aitzinetik hitz egindako gauzak ezerezean utziz, behin eta berriz errepikatuz kontu hau ez zela lehentasunezkoa udalarentzat, edota gutako batzuen fede ona zalantzan jarriz. Gainera, aipatzen zuten denbora izan genuela galdeketa parte hartze ordenantzaren arabera antolatzeko, baina errealitatea da, ordenantza ez zela uztailera arte Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta, beraz, prozesu horren bidez ezinezkoa zela garaiz iristea azarora».

Abeltzainak, urtarrilaz geroztik, «etengabe jo dugu behin eta berriz udalera alternatiba bila, prozesua behar den bezala eta behar den jendeak parte hartuta aitzinera eramateko. Udalak, ordea, erabakia behin eta berriz gibeleratu du denbora pasatzen utziz. Azkenean, galdeketa eginen duela erran du udalak, baina ez da aurten izanen. Hamar hilabete ez al dira aski denbora prozesu egoki bat planteatzeko?»

Honengatik, protesta gisa, azaroaren 20an plazara aziendarik ez ateratzea adostu dute eta, era berean, lehen sektoreari lotzen diren postu eta makina saltzaileei ere protestara elkartzeko gonbidapena egin diete: «Ez dugu nahi lehen sektorea egin beharren beheko kajoian gordetzerik! Lehen sektorea eta aziendak feriak bizirik nahi ditugu!».

Aitzinetik barkamena eskatu nahi diete galerak izan ditzaketen herriko hainbat sektoreei. «Heldu den urteko feriak hobeak izanen direla espero dezagun!» diote, idatzia bukatzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun