Sarerik ez dute hedatu Etxalarren Usategietako Igandean

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 20a

Etxalarren Usategietako Igandea ospatu zuten urriaren 19an, baina haizegoaren ondorioz, igande goiz honetan ezin izan zituzten sareak hedatu. Sareak arratsero kendu eta goizero paratzen dituzte berriro, eguraldiak laguntzen badu, baina igandean ez zen posible izan. Sasoia, halere, nahiko ongi hasi da eta, oraingoz, 37 dozena txoloma eta 5 dozena uso harrapatu dituzte sareetan. Argazkiak: Alicia del Castillo

Urri hasieratik 37 dozena txoloma eta bortz dozena uso harrapatu dituzte sareetan

Igande honetan, etxolan elkartu eta bertze lan batzuk egiteko aprobetxatu zuten usazaleek, paleta berriak, erraterako. Hori bai, normalean baino bisitari gehiagorekin.

Asteburu osoko ospakizunak

Igande goizean Lizarieta aldera hurbiltzea izan da beti Etxalarko Usategietako Igandeko usadioa, baina azken urteetan, asteburu osora zabaldu dira ospakizunak. Horrela, larunbat goizean paella txapelketa eta bazkaria izan zuten, Arratsaldean jokoak, jan-edatekoak eta arratsean, su artifizialez gain, gazte jendea hurbildu zen Etxalarko plazara, Hago Silik, Kulto Kultibo eta DJ Inaxio taldeak aditzera. Igande arratsean, berriz, Puro Relajo taldearekin dantzan eta kantuan ibili ziren hainbat lagun.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun