[ARGAZKIAK] Iratze meten ondarea plazaratu dute

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 20a

Iratze meten bueltan bildu dira Urruñako eta Berako herritarrak Ibardingo Batzarleku parajean. Meten ondarea ezagutarazteko 'Metaka Auzolanez' jardunaldiak egin dituzte ortziralean eta larunbatean. 

Argazkiak: Ainhoa Larretxea, Karmele Egaña eta utzitakoak.

CPIE erakundeak eta Berako eta Urruñako herriko etxeek elkarlanean antolatu dute Metaka Auzolanez jardunaldia. Iratzea izan da bi egunetan protagonista, eta iratzearen bueltan metak nola egiten diren ikasteaz gain, iratzeak historikoki izan duen garrantzia, eta iratzearen bueltako hiztegia ere ikasi dituzte bertaratutakoek. 

Ortziralean bi herriko ikasleen txanda izan zen. Meten ondarea ezagutzeko aukera izan zuten ikasleek, eta  metak egiten ere aritu ziren udazkeneko aro onak lagunduta. Taloa janez borobildu zuten eguna.  

Larunbatean, berriz, goizean goizetik iratzea mozten aritu ziren auzolanean, ondotik metak nola egiten diren erakusteko. Tarte horretan, mendi irteera ere egin zuten bertako espezieak identifikatzen ikasteko. 

Goizean iparraldeko estiloan egin zuten meta, eta eguerdian, berriz, hegoaldekoan. Tarte horretan metak nola egiten diren azaldu zuten Imanol Ameztoik eta Patxi Larretxeak, eta Aranzadiko Iñaki Sanz Azkue biologoak ere hartu zuen hitza eta iratze metek historian izandako garrantzia azaldu zuen. 

Bera Kantarikoak ere aritu ziren kantuan eta Maitagarria txaranga aritu zen musika jotzen. Bertako ekoizleek ere postuak paratu zituzten.

Eguna borobiltzeko, herri kirolak izan ziren eta Sustrai Colina eta Ekhiñe Zapiain aritu ziren bertsotan. 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun