Lehenengo egunetan ibilbide alternatiboa izanen den Julio Caro Baroja pasealekua, Ugalzubia, Hegoalde, Matzada, Kanttonzabal eta Illekueta karrikak prestatzen arituko dira. Hori bukatzean hasiko dira lanen lehen fasearekin.
Udalak nabarmendu duenez, «argi dago lanek irauten dute bitartean arazoak sor daitezkeela, eta gorabeherak konpontzea zaila izanen dela». Horregatik, azaldu dute lanak eginen dituen enpresarekin protokoloak ezarriko dituztela arazo horiek konpontzeko.
Arazo horien artean aurreikusi dutena «debekatutako guneetan gaizki aparkatutako autoek eragindakoa» izanen da. Horregatik, udalak espresuki eskatu du ez aparkatzeko debekatuta dagoela seinalizatutako guneetan. «Arau hori betetzea ezinbertzekoa izanen da trafikoa desbideratzeko erabiliko diren karrika horietan».
Aldaketak eta debekuak hainbat aparkalekutan
Julio Caro Baroja karrika
Erreka bazterreko aparkalekuak kenduko dituzte trafikoko bi norabideak errazteko, eta Toki Onako patio pareko azken plazak kenduko dituzte trafikoa errazteko. Mukixu haur eskola parean lau plaza erreserbatuko dituzte umeen sartu eta irteerak errazteko eskola orduetan. Ordu horietatik kanpo aparkatzea libre izanen da plaza horietan.
Xuga parean erdialdean dauden plazak kenduko dituzte. Gune hori erabiliko dute herrigunean sartu daitezkeen tamaina handiko ibilgailuak ebakuatzeko.
Julio Caro Barojan Uraldea karrika inguruan ezin izanen da aparkatu.
Matzada eta Hegoalde karrikak
Erabat debekatua egonen da Matzada karrika osoan aparkatzea trafikoko bi norabideak libre izatea segurtatzeko. Hegoalde karrikan, berriz, seinalizatutako Plazetan bakarrik aparkatzen ahalko da.
Illekueta karrika
Ezin izanen da aparkatu, ezta espaloietan ere.
Altzateko plaza
Altzateko plazako iparraldean aparkaleku batzuk kenduko dituzte eta denbora mugatuko plaza kopurua handituko dute dendetako bezeroen egonaldia errazteko. Eremu horretako aparkalekuen galera konpentsatzeko Frantzia Haltzuet plazan aparkatzeko aukera izanen da Illekueta karrikatik sartuz eta ateraz.
Udalak nabarmendu du trafikoaren segurtasunagatik, karrika horiek herria zeharkatzeko aukera bakarra izanen direla kontuan hartuta, bereziki kontrolatuko dute arau horiek beteko dira eguneko 24 orduetan eta asteko zazpi egunetan.