Duela berrogeita hamar urte sortu zuten Transportes Bidasoa enpresa. 88 garraiolarik bat egitea erabaki zuten Lesakako Laminaciones enpresari garraio zerbitzuak ematen segi ahal izateko. Orduan ez zekiten hori izanen zela, «sare bat osatu, lan baldintzak hobetu eta egiten zuten lanari duintasuna emateko» lehenbiziko pausoa.
Enpresa aski ongi ezagutzen duten Transportes Bidasoa enpresako bi langile ohirekin bildu da Ttipi-Ttapa. Luziano Mitxelena Irazoki 1975ean enpresa sortu zuten garraiolarietako bat izan zen. Marisa Plaza Oskoz, berriz, bulegoko lanaz arduratu zen. Gazteak zirela lanean hasi eta bertan hartu zuten biek erretiroa. Kamioiarekin kilometroak eginez bata, eta paper artean dantzan bertzea. Biek ala biek badute zer kontatua.

Hasierako urteak
1975eko urriaren 11n, Mugairiko eskolan egin zuten Transportes Bidasoa enpresa ofizialki sortzeko batzarra. Bertan zen Luziano Mitxelena Irazoki: «Lesakako Laminaciones fabrikarentzat lanean ari ginen garraiolari guztiak elkartu ginen, baita inguruko bertze garraiolari batzuk ere». Lesakako lantegian hainbat aldaketa izan ziren eta garraiolariei zuzenean eragiten zieten neurriak iragarri zizkieten: «Garraiolari guztiok elkartu, zerbitzua bateratu eta enpresa bat sortu behar genuela erran ziguten, ezin zutela ordura arte bezala bat banaka fakturak egiten aritu». Garai hartan, handia zen inguruko garraiolariek fabrikarekiko zuten menpekotasuna eta lanari eusteko bidea zela ikusita, gehienek erran zuten baietz: «88 garraiolarik osatu genuen enpresa». Horretarako, garraiolari bakoitzak ordaindutako kopuruak ere burutan ditu Mitxelenak: «1.000 pezeta ordaindu genituen tonako. 25 tonako kamioia zuenak, 25.000 pezeta ordaindu zituen eta 16 tonakoa zituenak, 16.000 pezeta». Eskualdeko gazte aunitzentzat aukera ona izan zela uste du: «Ameriketatik bueltatu berria nintzen, ikasketarik ez nuen, garraiolari lana gustuko nuen eta honek aukera ematen zidan autonomo izaten segita, nahi nuen horretan lanean aritzeko».

«Elkartzea gure mesederako zela ikusi genuen»
Luziano MITXELENA IRAZOKI
Finantziazioa lortzea izan zen hurrengo pausoa: «fabrikak hiru hilabetetik behin ordaintzen zuen eta gure enpresa nonbaitetik finantzatu behar zen. Kosta zitzaigun gure proiektuan konfiantza izanen zuen banketxe bat topatzea, inork ez zuelako gure aldeko apustua egin nahi».
Zeregin horretan ezinbertzekoa izan zen Marisa Plaza Oskozen lana. Garai haietan, Laminaciones enpresan administrazio lanetan aritzen zen: «Proiektu berri honetan sartzeko aukera izan nuen eta erabateko ziurtasunik ez genuen arren, pausoa ematea erabaki nuen».
Ongi gogoan ditu hasierako urteak: «Ildefonso Goenaga, Ricardo Sanchez eta hirurok arduratu ginen enpresa sortzeko beharrezkoak ziren administrazio lanak egiteaz». Administrazioko lanak, baina baita bertzelako kontuak ere: «denetarik egitea tokatu zitzaigun: notaritzako lanak, fakturazioa, trafikoko lanak... Bitartekoak ere urriak ziren, dena eskuz eta kalkulagailuz egin behar izan genuen, ez genuelako horretarako beharrezkoa zen sistema informatikorik». Zailtasunak zailtasun, lortu zuten aitzinera egitea: «gazteak ginen eta ilusioz gainezka geunden».
Argi utzi nahi izan du beraiek enpresako langileak zirela: «gu ez ginen bazkideak. Enpresa hasiera-hasieratik eta osorik garraiolariena zen». Bereizketa hori eginda «asmatu» zutela uste du: «Gu beraien lan baldintzak hobetzeko bitartekariak ginela ikusi zuten eta beraiek zirela erabakiak hartzen zituztenak».

«Garraiolariek lan baldintza duinak izatea zen gure helburua»
Marisa PLAZA OSKOZ
Lanbideari duintasuna
Kooperatiba bat sortu zuten, 1996an sozietate anonimo bilakatuko zena. Mende erdiko ibilbidean, garbi izan dute beti helburua: «garraiolarien lan baldintzak hobetu eta eskaintzen zuten zerbitzuari duintasuna ematea». Bittiria plazan alokatutako lokal batean jarri zuten lehenbiziko lantokia eta aitortu du hasierako urteak ez zirela errazak izan: «Kontuan izan behar da bakarrik lan egitera ohituak daudela garraiolariak. Ordura arte bakoitzaren lehentasuna bere kamioia zen eta, gainera, elkarren artean konpetentzia ziren. Ez zen erraza izan aldaketa hori ematea, baina pixkanaka ikusi zuten planteatzen genituen aldaketak, beraien onurarako zirela». Errepide bazterreko elkarrizketak lagundu zuten horretan: «garraiolariek ordu aunitz ematen zituzten lanean eta bazkaldu edo afaltzeko ostatu jakin batzuetan elkartzeko ohitura izaten zuten. Momentu horietan, nola ez, Transportes Bidasoari buruzkoak izaten ziren solasaldi gehienak. Salvador Arozenak eta bere inguruan bildutako beterano talde batek proiektua bultzatzeko egin zuten ahalegina ezinbertzekoa izan zen».
Garraiolarien enpresa
Enpresaren lan ildoa zein izanen zen argi zuten hasieratik: «Ez da garraio agentzia bat, garraiolarien enpresa bat da» eta Plazaren ustez, horrek seriotasuna eman dio eskaintzen duten zerbitzuari: «garraiolari bakoitza da bere kamioaren jabea eta arduraduna. Irabaziak berarentzat dira, baita galerak ere». Multinazionaletatik ihes egiteko bidea ere izan zen: «bertzeen menpe egon beharrean, norberak bere autonomiari eusteko irtenbidea».

Elkarrekin errazago
Bidea elkarrekin egitea erabaki zutenean, ohartu ziren errazago lortu zitzaketela denentzat mesedegarriak ziren lanerako baldintzak: «kostuak murrizteko hornitzaileak bateratzea erabaki genuen. Talde bezala joanda, ordura arte ez zituzten bizi aseguruak lortzeko garaian ere erraztasunak izan genituen, karga eta deskargarako behar zuten denbora murriztea lortu zen… pauso ttikiak ziruditen, baina garraiolarientzat aldea nabarmena zen». Horrela, Etxeberria ostatuan telefonoak noiz joko zain egon beharreko garaiak ere atzean utzi zituzten garraiolariek: «Transportes Bidasoa sortu arte, Lesakako Laminaciones enpresara joan behar izaten genuen kamioia libre genuela abisatzera. Haiek izaten ziren gero ostatura deituta, lana banatzen zutenak». Transportes Bidasoa sortuta, garraiolariak lan eremuen arabera banatu eta beraiek antolatzen zuten ematen zieten lana, «aunitzez hobekiago antolatu zen guztia. Garraiolari bakoitzak bazuen bere lan eremua eta hori errespetatu eta soberan zegoen lana, txandan txandan banatzen genuen».
Sarea osatzen
Lehenbiziko urteetan Lesakako Laminaciones enpresarentzat egiten zuten lan: «beraientzat bakarrik lan egiteko baldintza jarri ziguten». Urteekin, ordea, menpekotasun hori pixkanaka murrizten joan zen «sarea osatzen joan ginen, merkatua zabaltzen. Hasierako urteetan ehuneko ehuna, enpresarentzat aritzen ginen. Orain, ehuneko bi baino ez da izanen».
Gaur egun, 132 bazkide dira eta 220 bat kamio izanen dituzte, horietatik 20-30 bat kamioi nazioartean ari dira lanean: «Garraio nazionala eta nazioartekoa eta zerbitzu espezializatuak eskaintzen dituzte, baita logistika lanak ere». Hidrokarburoen garraioaz ere arduratzen dira eta zabalkunde horretan, hidrokarburoen sektorean ere sartzea erabaki zuten: «garraioaren mundua erregaien menpe dago eta gorabehera aunitz izaten dira. Guk zuzenean erosita, merkeago lortzen dugu erregaia. Gainera, gehiengoak ez daki, baina hornigailuek %0,5eko margena dute, beraien alde erabiltzen dutena. Erregaia gurea denean, litroa litroa da».

Alkagaian egoitza nagusia
2001eko ekainean Alkaiagako industrialdera egin zuten jauzia eta bertan jarri zuten enpresaren egoitza nagusia: «jarduerak dibertsifikatu eta merkatua zabaldu zen, nazioarteko biltegiratze beharra handitu eta banaketa eskaerak ugaritu ziren... eta horrek guztiak inbertsioa egiteko beharra sortu zuen».
Gainera, Katalunian, Madrilen, Valentzian, Galizian eta Gasteizen ere delegazioak ireki zituzten. Horrek lana errazten du garraiolarientzat eta aldea nabarmena da garai bateko lan egiteko moduarekin alderatzen bada: «delegaziorik ez genuenean, kanpoko agentzia batek egiten zituen bitartekari lanak eta irabazien gutxienez %12 kentzen ziguten. Gure enpresarekin ehuneko hirua baino ez genuen galtzen».
Teknologia
Garraiolari izatea, gustuko zuen Mitxelenak, baina aitortu du dena ez zela erraza izan: «txarrena zen, lekua bilatzea atzerrira joandakoan. Hasierako urte haietan ez zegoen telefonorik, fabrikak herrien barrenean zeuden, trailerrarekin sartzeko ere leku txarrak ziren». Hizkuntzarekin eta diruarekin ere arazoak izaten zituztela aipatu du: «telefonorik gabe, paper batekin ahal genuen bezala galdetuta moldatzen ginen. Orduan ez zegoen ez GPS eta ez deus ere».
Gauzak dezente aldatu dira: «fabrikak hirietatik kanpora atera dituzte, teknologiak bitarteko ugari eman ditu… erraztasun gehiago daude». Ez ditu ahantziak telefono kabinetan pasatako orduak: «Lesaka eta Bartzelona arteko bidaiak egiten nituen nik eta txandaren esperoan, txanponak eskuetan hartuta, orduak ematen genituen telefono kabinen aldamenean». Gaur egun, GPS sistema berritzaileenak dituzte kamioi guztietan eta horrek zuzeneko jarraipena egiteko aukera ematen diete: «bezeroek kamioia momentu oro non dagoen jakin dezakete eta barne antolakuntzarako ere bitarteko garrantzitsua da».

Erronkak
Etorkizunera begira ere jarri dira. 132 kidek osatzen dute gaur egun Transportes Bidasoa enpresa eta belaunaldi erreleboa da esku artean duten arazorik nagusiena: «bazkide batek erretiroa hartzen duenean, ordezko bat bilatu behar izaten da eta arazorik larriena da garraiolariak falta direla. Jende gazteak ez du aste osoan etxetik kanpo egon nahi edo ezin du... garai batean emakumeak gelditzen ziren etxean eta gizonezkoak ibiltzen ginen kamioiarekin. Orain, ordea, biak aritzen dira etxetik kanpo lanean».
Zerbait berezia izanen du, ordea, garraiolari lanak. Mitxelenak, zalantzarik gabe dio: «nik ez nukeen bertze deusengatik aldatuko». Erretiroa hartuta urte batzuk daramatzaten arren, biei nabari zaie beraien bizitzan toki berezia duela enpresak. Plazak «familia» hitza darabil Transportes Bidasoa definitzerakoan eta «garraiolariekin beti harreman oso ona» izan duela azpimarratu du. Mitxelenak kamioi barrenean bizi izandako kontuak aipatzerakoan duen ilusioa ere adierazle ederra da eta hunkituta gaineratu du: «irailean antolatu zuten 50. urteurreneko festan elkartu ginen azkenekoz eta polita izan zen dagoeneko lanean ari ez garen horietaz ere oroitzea».
Halabeharrez sortu, kilometroz kilometro sendotu eta etorkizunerako bidea landu dute: «50 urteko ibilbideak erakutsi du zerbitzu onena emateko gakoa, elkarrekin aitzinera egitea dela».