B. ZAPIAIN ETA I. LARRAÑAGA

«Kotto nor zen eta zergatik hil zen jakin behar du herriak»

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 18a

Basilio ZAPIAIN LOIARTE eta Imanol LARRAÑAGA ALBERDI, Kottoren lagunak.

Urriaren 31n hogei urte beteko dira Kotto beratarra Soriako kartzelan hila aurkitu zutenetik. Bere heriotzaren urtemuga gogoan, hitzorduak prestatu dituzte. Tartean, dokumentala egin dute.

Herriak ez du atzendu. Jose Angel Altzuguren Kotto beratarrak herritarren memorian eta bihotzean segitzen du. Eta hala izatea nahi dute, gainera; memoriak irautea. Urtero egin dituzte Kotto oroitzeko hitzorduak, baina aurten, heriotzaren 20. urtemugaren harira, zerbait berezia egin nahi izan dute. TTIPI-TTAPAk ere oroitzapenak bildu nahi izan ditu, eta Kottoren bi lagunengana hurbildu da: Basilio Zapiain Loiarte eta Imanol Larrañaga Alberdi beratarrengana. 

Kotto ttikitako laguna zuen lehenbizikoak eta gazte garaiko laguna bigarrenak. Batak zein bertzeak hurbil sentitzen dute Kotto; berak egindakoak, erran zituenak eta erran ez zituenak, bere begiradak, berarekin pasatutako momentuak… oroimenean ongi iltzatuak dituzte. Pena, mina eta negar malkoak ez dira urruti ibili lagunaz oroitzerakoan, eta ez zaie hain samurra egin gertatutakoaz solastatzea. Bi testigantza, bat kanpotik bizitutakoa eta bertzea barrenetik bizitutakoa, baina Larrañagak adierazi duenez, «biak gogorrak eta txarrak».

2005eko urriaren 31n, Soriako kartzelan, bere ziegan hila aurkitu zuten Kotto. 2001ean atxilotu zuten lehenbiziko aldiz, ETAri laguntzea leporatuta, eta atxiloaldian torturak salatu zituen. Hiru urte eta erdiren buruan utzi zuten libre. Baina torturek eta atxiloaldiak bete-betean eragin zuten bere osasunean. Depresioa diagnostikatu zioten. Psikologoekin eta psikiatrekin bueltaka eta medikatua zela, urte hartako urrian berriz atxilotu zuten. Handik egun batzuetara hil zen. Kartzelan bere osasun egoeraren berri bazutela salatu zuten bere ingurukoek eta abokatuek, baina bere egoerari ez ziotela kasurik egin.

Zapiain eta Larrañaga Berako Espidobaitako atean. 

 
Aspaldiko lagunak

1966ko martxoaren 3an sortu zen Kotto. Zapiainek «ttiki-ttikitatik» ezagutzen zuen: «Eskola denboran gutti ibili nintzen berarekin, garai hartan, abizenaren arabera banatzen gintuzten, eta ez genuen aunitz kointziditu. Gogoan dut letra handia zuela eta marrazten abila zela, baina bertzela, ez dut eskolako oroitzapen handirik». Eskolatik kanpo gehiago: «Ni baserrian sortua naiz eta bere atta gure auzoko baserri batean sortua zen. Auzora joaten zenean elkartzen ginen. Gerora, hamahiru-hamalau urterekin kuadrilla egin genuen, eta harreman estua egin... Eta futbolean elkarrekin aritzean sendotu». 

Larrañagak, berriz, «beranduxeago» ezagutu zuen. «Ni baino lau bat urte zaharragoa zen, eta hamabortz bat urte nituelarik egin nuen harremana berarekin, gazte mugimenduan hasi nintzelarik. Mendira elkarrekin joaten hasi ginen, ekitaldietara, bestetara, herriko etxean elkarrekin izan ginen zinegotzi…».

«Pertsona 'erraxa'»

Ofizioz zurgina zen Kotto, eta hortik kanpo, ingurukoen hitzetan, han eta hemen bere aletxoa paratutakoa: «euskara eta Euskal Herria maite zuena, Berako kultur ekimen guzien laguntzaile eta parte hartzaile nekaezina, mendizalea, futbolaria, naturazalea…». Kirolari lotuta, «futbolaria bai, baina batez ere mendizalea» zela aipatu du Larrañagak. «Baita naturazalea ere. Mendira joatean, naturako elementuei begira egotea gustatzen zitzaion». 

«Beti denerako prest izaten zen. Ekarpen handia egin zion Berako herriari»

Basilio ZAPIAIN

Kulturari lotuta, «gazterik lanean hasi eta herriari bultzada handia» eman ziola azpimarratu du: «Lurraren Eguna antolatzen, Gazte Asanblada antolatzen, zinegotzi  zenean gauzak egiten…». Zapiainek «beti denerako prest» izaten zela gehitu du: «Ekarpen handia egin zion herriari». Horrekin batera, «hemezortzi urterekin Beran izan den zinegotzirik gazteena» bera izan zela oroitarazi du, Herri Batasuna taldean. Gerora berriz errepikatu zuen, aldi hartan, Larrañagarekin: «Oposizioan ginen. Ez ziguten gehiegi sartzen uzten, baina lan egiten eta gure ikuspuntua ematen saiatu ginen». 

Eta euskaltzalea zen. Maite zuen euskara. Hori omen zen bera haserretzeko motiboetako bat: «Euskaldunak gaztelaniaz sumatzea ez zitzaion batere gustatzen. Denbora haietan gaztelaniaz aritzeko ohitura handia izaten zen Beran, baina jendeak bazekien Kottorekin euskaraz ari behar zuela», dio Larrañagak. Zapiainen hitzetan, «17-18 urterekin hasi ginen euskaraz lagunartean, kontzientzia hartzen hasi ginenean. Kottok, ordea, beti euskaraz egiten zuen. Norbaitek erdaraz eginda ere, berak euskaraz».

Eta pertsona bezala, «ona eta erraxa». Hala azpimarratu du Zapiainek. Larrañagak gaineratu duenez, «noizbait berari ere erran izan nion, batzuetan haserretzeko, beti ezin zela dena lasai hartu». Zapiainek «malaletxea bazuela» aipatu du, «baina guttitan haserretzen zen».

2001ean lehenbizikoz atxilotua

2001eko martxoan atxilotu zuten lehenbiziko aldiz Kotto. Operazio hartan, herriko lau lagun eraman zituzten: Kotto, Larrañaga, Jose Esteban Altzuguren Kottoren anaia eta Bixente Goia. Ez dute orduko oroitzapen politik. Larrañagak aitortu duenez, «gogorra izan zen. Lau egun pasatu genituen Madrilen, lege antiterrorista pean inkomunikatuak, eta torturatuak izan ginen. Oroitzapenak torturarenak dira, gogorrak eta zailak. Handik, Kotto eta biok, bertze batzuen artean, kartzelara bidali gintuzten. Orduan ikusi nuen lehenbiziko aldiz, nahiko xehatua: belarri batetik ez zuen aditzen, belaun bat gaizki… Fisikoki gaizki. Gerora jakin genuen psikologikoki nola zegoen. Momentu hartan nahikoa banuen neurearekin eta halakoetan zaila da pertsona bat egiatan nola dagoen ohartzea. Kartzelan egun batez izan nuen kontaktua berarekin eta kanpora atera zen arte ez nuen berriz ikusi». 

Zapiainek xeheki oroitzen du lehenbiziko aldiz atxilotu zuten egun hura. Xehetasun handiz, eta hunkituta. Espidobaita gaineko bizitzetan bizi ziren orduan eta bizilaguna zuten Kotto: «Ernatu ginenean, leihotik begiratu, eta dena guardia zibilez betea ikusi genuen. Hasieran, beheitian zegoen HBko egoitzara etorri izanen zirela pentsatu genuen. Baina, bat-batean, ate kolpe ikaragarriak sumatzen hasi ginen. Hasieran gure etxeko atea zela pentsatu genuen. Atea ireki eta dena guardia zibilek hartua zuten. Bixente [Goia] ere ondoan bizi zen eta haren atea irekia ikusi genuen eta Kottoren atea botatzen ari ziren. Barrenera sartzeko agindu ziguten. Berriz saiatu ginen hurbiltzen, baina ez ziguten utzi. Hagitz gogorra izan zen, ikara handia pasatu genuen». 

Gehiago ere bai: «Asteburu hartan, besta ederra eginak ginen Kottorekin, Gure Txokoako eta Beti Gazteko beteranoek partidua jokatuta, eta justu biharamunean edo ondoko egunean atxilotu zuten. Gerora, karta batean, ‘Bolada batez azkeneko besta izanen duk’ eskribitu zidan». 

«Guk ez genuen kontatu zer gertatu zitzaigun, eta parekoek ez zuten galdetu. Segur aski sufritua zuenak ez ziolako ondokoari sufriarazi nahi, eta bertzeak ez zuelako mina bizituarazi nahi».

Imanol LARRAÑAGA

Halaxe hasi zituen Zapiainek kartzelara joan-etorriak, eta bisitetan «beti umoretsu» sumatu zuen. «Atera zenean makurrago ikusi nuen, begietan nabaritu nion. Baina egia erran, ez ginen inoiz solastatu lehenbiziko aldiz atxilotu zutenean pasatu zenaz, ez berarekin, ez Imanolekin, ez Bixenterekin. Bagenekien zer pasatu zen, baina uste dut ez nuela aditu nahi, ez sufritzeko». Larrañagaren arabera, «garai hartan ez ginen halako kontuez solastatzen. Guk ez genuen kontatu zer gertatu zitzaigun, eta parekoek ez zuten galdetu. Segur aski sufritua zuenak ez ziolako ondokoari sufriarazi nahi, eta bertzeak ez zuelako mina bizituarazi nahi». Gaur egun, ordea, «zorionez, kontatzeko pausoa eman da. Nafarroan, gainera, bada Torturatuen Sarea eta lan handia egiten ari dira, gertatutakoa bistaratuz».

Larrañaga 2001ean atera zen kartzelatik, zazpi hilabete barrenean eginda, «baina atera nintzenean, ez nuen eskubiderik Kotto bisitatzera joateko. Urte horietan aditua nuen ez zegoela ongi, baina gutunetan ez duzu berdin sentitzen. Kulpa sentimendua sumatu nion, baina atera zenean ikusi nuen gaizki zegoela». 

2005eko ilbeltzean libre gelditu zen Kotto –irudian– eta ongietorria egin zioten Beran.

2005ean bigarren aldiz

Kotto 2005eko ilbeltzean utzi zuten libre, eta omenaldi beroa egin zieten herritarrek eta lagunek. «Ezin zuen estatu espainoletik atera, baina izan genuen berarekin mendira joateko eta momentuak konpartitzeko aukera», dio Larrañagak. Zapiainek, berriz, «sentimendu nahasiak» ditu: «Atera zenean, omenaldiak egin genizkion, bazkariak eta afariak… Baina ordurako ia lau urte pasatuak ziren eta lagunak gure familia osatzen hasiak ginen. Hasieran hartan, berarekin egoteko tartea hartu genuen, baina gerora ez dakit ez ote genuen alde batera utzi. Sentimendu hori beti izan dut».

Urte hartako urriaren 21ean atxilotu zuten berriz, depresioagatik tratamenduan zela. Zapiainek gogoan du; «Lurraren Egunaren aitzineko egunetan izan zen. Gure etxera etorri zen gaztainak non biltzen ahal zituen galdetzera. Animatua ikusi nuen, baina kotxera abiatu zenean elkarri egin genion begirada barrenean gelditua dut. Bera joan zen eta ni lanera. Gerora ikasi nuen atxilotu zutela. Bihozkada bat sentitu nuen. Hori izan zen bizirik ikusi nuen azken aldia». 

«Bihozkada bat sentitu nuen. Hori izan zen bizirik ikusi nuen azken aldia»

Basilio ZAPIAIN

Bigarren atxiloaldi hartan, Kottorekin batera, Larrañaga eta Ainara Fresneda lesakarra hartu zituzten. «Ortziralearekin atxilotu gintuzten. Hortaz oroitzen naiz, lana bukatuta Pirinioetara joateko motxila prest bainuen kotxean». Iruñeko kartzelara eraman zituzten eta «hurrengo ortzegunera arte elkarrekin egon ginen», urriaren 27ra arte. «Hasieran preso arrunt banarekin paratu gintuzten. Baina garai hartan Iruñeko kartzelan zen Bautista Barandalla presoa politikoaren bitartez, ez dakit arrats hartan edo ondokoan, Kotto eta biok txabola berean egotea lortu genuen. Kotto ongi ikusi nuen, bere eritasunarekin, lo egiteko zailtasunekin eta bere medikazioarekin, baina ongi. Kartzelako futbol taldean izena eman genuen, eta arratsaldetan Barandallarekin eta Itoizko solidarioaren batekin elkartzen ginen. Nire ustez, eramangarria zen Kottorentzat, lagunartean errazagoa baita». Baina tokiz aldatzeko eguna ailegatu zen: «Asteazken arratsean gauzak prestatzeko erran ziguten, biharamunean mugituko gintuztela, nire semeak bi urte bete eta etxekoen bisita hartu behar nuen egunean…».

Handik Langraizera, kartzela zaharrera. «Hura zerrikeria», deskribatu du Larrañagak: «Kristalak hautsiak, komuneko ura ateratzen zela… Kotto nire aitzinean sartu zuten, eta ni sartu nindutenean, funtzionario batekin eztabaidan sumatu nuen, berak han ez zuela lorik eginen erranez. Bazuen indarra eta bertze txabola batera eramatea lortu zuen. Arrats hura ere elkarrekin pasatu genuen. Gauza aunitzez solastatzeko aukera izan genuen». 

«Nirean zentratua nintzen, baina ez nuen pentsatu, ez hor, ez bertze inoiz, gertatu zena gertatuko zenik»

Imanol LARRAÑAGA

Biharamunean, kartzelaz aldatu zituzten, baina bidea «autobusean, zelda ttikietan» elkarrekin egin zuten. Lehenbiziko geldialdia Zaragozan egin zuten, Zuerako kartzelan. Larrañaga han gelditu zen. «Hantxe agurtu ginen», dio hunkituta. «Nirean zentratua nintzen, baina ez nuen pentsatu, ez hor, ez bertze inoiz, gertatu zena gertatuko zenik». Kotto Soriara eraman zuten, baina «ziegara sartu aitzineko egunak aunitz luzatu ziren. Larunbatarekin  ailegatu ginen kartzelara; biharamunean, urriaren 30a, igandea zelako; urriaren 31 zubia… Tarte horretan eguneko 24 orduak bakarrik pasatu genituen. Bakardade horrek ez du batere laguntzen, eta Kottori ere ez zion lagundu». 

2005eko urriaren 31

2005eko urriaren 31n, astelehena, hila aurkitu zuten Kotto, bere ziegan. Bere buruaz bertze egin zuen. Kolpea handia izan zen bi lagunentzat. Zapiain «etxean enteratu» zen gertatutakoaz: «Bikotekidea herrira jautsia zen, eta etxera etorri zenean erran zidan. Bigarren alabak sei hilabete zituen orduan. Bera besoetan etxeari bueltaka hasi omen nintzen. Ni ez naiz oroitzen». Begiak beteak dituela mintzo da. «Orain arte egun nahasiak eta tentsio handikoak izan zirela nuen gogoan. Dokumentalaren grabaketak egin ondotik hasi naiz buruari bueltak ematen eta gaur da eguna egun horiek aunitzez hobeki oroitzen ditudana. Argiago, xehetasun gehiagorekin».

Larrañagak kartzelan jakin zuen, biharamunean: «Abokatuarengana joateko erran zidaten. Zer moduz nengoen galdetu zidan, eta nik ‘Badakizu, hemen esperoan, hainbertze ordu bakarrik…’. Eta berak ‘baina ez dakizu deus?’. Familiakoak etorri zitzaizkidan lehenbiziko burura. ‘Zer jakin behar dut’? galdetu nion. Orduantxe kontatu zidan. Oroitzen naiz sillatik salto egin nuela». Emozionatuta aitortu du «lehenbiziko erreakzioa familia babestea» izan zela. «Ongi nintzela eta ez arduratzeko erran nion. Ez dakit zenbat denboraz egon nintzen berarekin, baina bakarrik egon nahi nuen». 

Esplikatu duenez, «suizidioen kontrako protokoloa» aplikatu zioten, «euren burua zuritzeko. Nik ez nuela behar erran nien, hori Kottok lehenagotik behar zuela. Tentsio momentua izan zen, baina ez nintzen urrutiago joan, bai bainekien kolpatua eta bakartua bukatuko nuela eta ez nuen indarrik. Pare bat egunez bertze preso politiko batekin sartu ninduten. Garai hartan ez genuen ziegatan binaka sartzea onartzen, baina orduan onartu nuen, eta nirekin egon behar izan zuenak ere bai. Lauzpabortz egun hola joan ziren. Eta hortik goiti deskonektatu eta biziraun». Honela azaldu du: «Kartzelako bizimodua bizirautea da, eta denborarekin, halako gauzek eragin ez diezazuten ikasten duzu. Neure buruak gauza aunitz ez sentitzera eraman ninduen, momentuan babesteko. Baina ezin zara betiko horrekin bizi, eta orduan alde batera utzitako sentimendu hura sentitzera bueltatu behar duzu. Nik gerora landu dut». 

«Ez zioten kasurik egin bere osasun egoerari, eta gainera, berriz atxilotu ondotik, bakartu egin zuten»

Imanol LARRAÑAGA

Kottoren heriotzak gogor astindu zuen Berako herria eta ingurua. Jendearen erantzuna ez zen hutsean gelditu: milaka lagun bildu ziren manifestazioa Beran, elkarretaratze jendetsuak, greba orokorra… «Jendeak Kotto maite zuen», nabarmendu du Larrañagak. «Bederatzi hilabete gelditzen zitzaizkion zigorra betetzeko, baina legea aplikatuz gero, kanpoan behar zuen, eta bere eritasunarekin oraindik gehiago. Baina ez zioten kasurik egin bere osasun egoerari, eta gainera, berriz atxilotu ondotik, bakartu egin zuten», salatu du Larrañagak.

2005eko azaroan manifestazio jendetsua egin zuten Beran Kottoren omenez.

Urtero hitzorduak

Geroztik, «urtero» egin dituzte Kotto oroitzeko ekitaldiak. «Espidobaita Elkarteak, Otsandan, omenaldi ttiki bat egiten dio eta kuadrillakook, bere urtebetetze egunaren bueltan, mendi buelta bat egiten dugu Zazpi Fagon bere omenez paratua den harrira, eta ondotik, bazkaltzeko biltzen gara», kontatu du Zapiainek. «Urte batzuez oroigarria ere paratu genuen egunkarietan eta aldizkarietan, baina azken urteotan, Korrikako kilometroa erosten dugu, Kottoren eta kuadrillako bertze baten, Berasategiren, izenean». 

«Urtero egin ditugu Kotto oroitzeko ekitaldiak»

Basilio ZAPIAIN

Urteroko hitzordu horiez gain,  Zapiainek kontatu du «orain dela hamar urte, hamargarren urtemuga zela eta, hiru eguneko mendi irteera» egin zutela: «Saratik abiatu, eta Etxalar, Arantza, Igantzi eta Lesakatik pasatu ondotik, Beran bukatu genuen. Preso ohiekin mahai inguru bat ere egin genuen, baita antzerki herrikoia eta ekitaldi politikoa ere. Bazkal aitzinean, kalejira egiteko ideia ere bagenuen, baina debekatu zuten. Bazkaria egin genuen». 

Aurten hogeigarrena

Eta aurten hogeigarrena. Espidobaita Elkarteak hori gogoan prestatu du Udazkena Loratzen zikloa. Irailaren 28an bertso saio musikatua egin zuten eta urriaren 10ean Torturaren arrastoak argazki erakusketa eta hitzaldia. Azaroaren 1ean, Loratzen dokumentala estreinatuko dute, 11:00etan, Berako Kultur Etxean. Ondotik, poteoa eginen dute Kuxkuxtu txarangarekin eta 14:30ean bazkaria. Azaroaren 2an, berriz, Otsandara ateraldia eginen dute eta han omenaldia. 

«Bi helbururekin» antolatu dute zikloa, Larrañagak esplikatu duenez: «Alde batetik, bere ingurukook Kotto oroitzeko, horrek on egiten digulako, eta bertzetik, jendeak ez atzentzeko». Edo Zapiainek erran bezala, «transmisioa segurtatzeko».

«Gertatu zena gure historiaren parte bat da, bere ingurukook ez dugu atzendu behar Kottoz eta herriak nor zen eta zer gertatu zen jakin behar du»

Imanol LARRAÑAGA

Oroitzapenak josiz, bertze batzuk kontatu aitzinetik, eurek kontatu nahi izan dute Kottoren istorioa: «Kottoren heriotza momentu hartako egoera politikoan, euskaldunoi aplikatutako tortura eta kartzela baldintzen ondorioa izan zen. Gertatu zena gure historiaren parte bat da, bere ingurukook ez dugu atzendu behar Kottoz eta herriak nor zen eta zer gertatu zen jakin behar du, nola eta zergatik hil zen». Hala borobildu du Larrañagak. 

'Loratzen' dokumentala azaroaren 1ean estreinatuko dute

Dokumentala egiteko dirua bilketa egin du Espidobaita Elkarteak.

Loratzen. Halaxe izena du Kottoren istorioa biltzen duen dokumentalak: «Gure herriaren zauriak sakonak dira, baina zuhaitza zitalkeriaz moztuta ere, hura basora erortzean bizitzak zerumuga berriak bilatzen ditu. Eroritako zuhaitzak basoarentzat ongarri bihurtzen dira, bizigai. Hemen ez da deus bukatzen, basoak loratzen segituko du». Hitz horiexek erabili zituzten Espidobaita Elkarteko kideek dokumentala eginen zutela iragarritakoan. 

Testigantza saila bildu dituzte. «Kotto hagitz zabala zen, Euskal Herri osoan ezaguna. Baina azkenean, hurbilekoekin egin dugu», erran du Zapiainek. Larrañagak zehaztu duenez, «Kotto lanean aritu zen arlo bakoitzetik pertsona bat hartu dugu: kirol munduko pertsona bat, kultur arlokoa, lagunak, berarekin atxilotuak izan ginenak, familia… Agertzen ahal ziren lagun aunitz kanpoan gelditu dira, baina nolabait mugatu behar da».

Bai Zapiainek, bai Larrañagak, biek parte hartu dute dokumentalean. Eta biek onartu dute «gogorra» egin zitzaiela. Zapiainek «barrena mugiarazi» ziola eta «emozionatu» zela aitortu du. Baina kontatutakoarekin «ongi sentitu» zen. Larrañagaren kasuan, «Nafarroako Torturatuen Sarerako testigantza egin nuen garaian tokatu zitzaidan dokumentalean partea hartzea. Beraz, gaia landua nuen. Gogorra da berriz oroitzea, baina egin beharreko zerbait da». 

Azaroaren 1ean, 11:00etan, Berako Kultur Etxean pantailaratuko dute. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun