Zergatik da garrantzitsua egun hau?
Bihotz-biriketako gelditzea (BBG) «hagitz larria» azpimarratu du Lesakako Osasun Zentroak, eta «heriotza kausa nagusietako bat munduan, trafiko istripuen gainetik». Bihotz-geldialdi gehienak «leku publikoetan edo etxean» gertatzen direla esplikatu du, eta gehiago ere bai: «Hamarretik batek bakarrik irauten du bizirik». Hala ere, biziraupen tasak «bikoiztu» daitekeela gogoratu du, «agudo mugituz gero, BBB bihotz-biriketako bizkortze goiztiar batekin eta kanpoko desfibriladore automatikoa (KDA) erabiliz».
Bihotz biriketako bizkortzea egiteko maniobrak «denok» ikasten ahal ditugula ere aipatu du Lesakako Osasun Zentroak, «eta ttikitatik ikastea garrantzitsua da». Tailerrak, ikastaroak eta online baliabideak badirela gogoratu dute: «herritarrei bihotz-biriketako geldialdi bat antzematen erakusteko eta ondorengo BBBko maniobrak eta KDA erabiltzen ikasteko». Horren harira, nahi duenarentzat, osasun etxeak tailerrak antolatzen dituela adierazi du.
Zer egin bihotz-biriketako geldialdi baten aurrean?
Bihotz-biriketako geldialdi bat tokatuz gero, zer egin jakiteko aholku hauek bildu ditu Lesakako Osasun Zentroak.
1. Nola antzeman?
- Begiratu biktimak erantzuten duen: Biktima sorbaldetatik leunki astindu eta fuerte galdetu: «Ongi zaude?».
- Ez badu erantzuten, oihu egin laguntza eskatzeko.
- Ireki bere arnas bidea: Horretarako, biktima buruz goiti paratu, eta eskua biktimaren kopeta paratuz, burua suabe gibelera eraman (kopeta-kokotsa maniobra). Paratu zure hatz mamiak bere kokotsaren azpian, eta altxatu kokotsa arnasbidea irekitzeko.
- Erreparatu bere arnasari:
- Egiaztatu arnasa hartzen duen (IES): ikusi bularraren mugimendua, aditu airea eta sentitu airea.
- Arnasa noizbehinka, poliki edo soinu handia eginez hartzen badu, eta ez du normaltasunez arnasa hartzen, bihotza gelditu zaio.
- Prestatu bihotz-biriketako bizkortzea (BBB) egiten hasteko.
2. Deitu 112ra:
- Eskatu norbaiti larrialdi zerbitzuetara deitzeko (112), bertzela zerorrek deitu.
- Egon biktimaren ondoan, deia egiten duzun bitartean eta aktibatu esku libreko funtzioa hobeki komunikatzeko.
- Lortu desfibriladorea (KDA):
- Posible bada, bidali norbait desfibriladorea eske.
- Bakarrik bazaude, ez utzi biktima bakarrik eta hasi bihotz-biriketako bizkortzea egiten.
3. Hasi bihotz- biriketako bizkortzearekin (BBB)
- Hasi segidan konpresio torazikoak egiten:
- Jarri belauniko biktimaren ondoan.
- Paratu esku bateko orpoa bularrezurraren erdian (bularraren erdiko hezurraren azpiko erdia da hori). Paratu bertze eskuaren orpoa bertze eskuaren gainean eta elkarrekin lotu bi eskuetako behatzak; egiaztatu presioa ez dugula saihetsen gainean egiten.
- Besoak zuzen mantendu eta zapaldu bularrezurra 5 cm guti goiti-beheiti.
- Konpresio bakoitzaren ondotik, askatu bularraren gaineko presioa eskuek bularrezurra ukitzen segitzen duten bitartean.
- Segi konpresioak egiten, minutuko 100-120.
- Erreskatezko arnasketa edo aireztapenak:
- Lehen sorospeneko formazioa baduzu, konbinatu konpresio torazikoak eta erreskatezko arnasketak.
- 30 konpresio eta bi bentilazio edo aireztapen egin. Ez eten konpresioak hamar segundo baino gehiago, bi arnasketa egiteko.
- Ez baduzu prestakuntzarik eta ez bazara gai bularra igotzen duten erreskatezko arnasketak egiteko, edo ez bazara gai sentitzen, segitu konpresio torazikoekin bakarrik.
- Haurrak eta bularreko haurrak:
- Bihotz-gelditze pediatriko gehienak arnas bideko arazoren batengatik gertatzen direnez, aireztapena edo bentilazioa beharrezkoa da.
- Kasu honetan erreskatezko bortz aireztapen egin, konpresio torazikoekin hasi aitzinetik.
4. Desfibriladorea erabili
- Ez badago kanpoko desfibriladore automatikorik eskura, segitu bihotz-biriketako bizkortze maniobrak egiten osasun laguntza ailegatu arte.
- Kanpoko desfibriladore automatikoa zure esku egon bezain agudo, paratu martxan eta paratu partxeak biktimaren bular biluziaren gainean.
- Paratu parte bat ezkerreko besapean eta bertze bat eskuinaldeko klabikulan bularrezurraren ondoan.
- Laguntza baldin baduzu, bihotz-biriketako bizkortze maniobrak egiten segitu behar da partxeak paratzen diren bitartean.
5. Esperatu laguntza ailegatu arte:
- Osasun Zerbitzuak ailegatu arte bihotz-biriketako bizkortze maniobrekin segitu.
- Desfibriladoreak gelditzeko abisua eman arte segi maniobrekin.
- Noiz gelditu?
- Biktima mugitzen bada.
- Eztul egin edo arnasa hartzen badu.
- Arriskuan edo akituta bazaude.
- Osasun Zerbitzuak ailegatzen direnean.
Lesakako Osasun Zerbitzuen hitzetan, «garrantzitsua da espazio publikoetan desfibriladore irisgarriak edukitzea eta haren erabilera eta kokapena ezagutzea ezinbertzekoa da». Horregatik, El ABC Que salva Vidas elkarteak eta Osasunbideak sustatutako Rapida App-aren berri eman du Lesakako Osasun Zentroak: «Rapidarekin zure inguruan daude kanpoko desfibriladore automatikoen kokapenaren berri izanen duzu eta Lehen Sorospenak egiten ikasten ahal duzu».
Bortzirietako desfibriladoreen kokapena
Bortzirietan, herriz herri, kanpoko desfibriladore automatikoak non dauden zerrenda batean bildu du Lesakako Osasun Zentroak.
-
Lesakan:
- 24 orduz erabilgarri Lesakako Osasun Zentroan.
- 24 orduz erabilgarri, Mastegi futbol zelaian, kanpoaldean.
- Arcelor Mittal lantegian, erabilpen mugatukoa.
- Udal kiroldegian erabilpen mugatukoa.
- Udaltzaingoak udalaren kotxean bat izaten du.
- Udal pilotalekuan ere izaten da, kanpoaldean. Baina zenbait arazo tarteko, berriz paratzeko esperoan dira.
-
Beran:
- 24 orduz erabilgarri Aspace fundazioaren egoitzako sarreran.
- 24 orduz erabilgarri Beralandeta kanpoaldean.
- Berako kontsultategian erabilpen mugatukoa.
- Udal Igerilekuan erabilpen mugatukoa.
- Labiaga Ikastolan erabilpen mugatukoa.
-
Arantzan:
- 24 orduz erabilgarri Arantzako Herriko Etxeko Gorapean.
- Arantzako kontsultategian erabilpen mugatukoa.
-
Igantzin:
- 24 orduz erabilgarri Igantziko Herriko Etxeko sarrerako ate ondoan.
- Igantziko kontsultategian erabilpen mugatukoa.
- IrriSarri Land abentura parkean erabilpen mugatukoa.
-
Etxalarren:
- 24 orduz erabilgarri Kultur Etxe azpian. Udan, ekain bukaeratik abuztuaren 31ra bitarte, desfibriladore hori igerilekuan izaten da.
- Etxalarko kontsultategian erabilpen mugatukoa.
Eta Lesakako Osasun Zentroak behin eta berriz azpimarratu nahi izan du «bihotz-biriketako bizkortze maniobrak ikastearen eta desfibriladore bat erabiltzen jakitearen» garrantzia: «Guztion eskura dauden gaitasunak dira, eta bihotz-biriketako geldialdi baten aitzinean bizitzaren eta heriotzaren arteko aldea markatzen dute». Horregatik, aste honetan, Bihotz-Biriketako Geldialdiaren Mundu Egun izan dela eta, herritarrei «informatzeko eta formatzeko» deia egin diete: «Minutu bakoitzak kontatzen baitu, bizirauteko aukerak biderkatuz, guztiok bizitza bat salbatzen ahal baitugu». Horrekin batera, bihotz-biriketako bizkortzearen inguruko ikastaroa egin nahi dutenei, Lesakako Osasun Zentroarekin harremanetan jartzeko erran diete.