Aspalditik ari da Berako Udala Eztegara eta Matzada arteko saihesbidea egiteko lanak egin nahian, eta oraingoan lortu dute lan horiek egiteko beharrezko dirulaguntza. Nafarroako Gobernutik 300.000 euroko dirulaguntza hartuko du, eta 400.000 euro inguru paratu beharko ditu udalak saihesbidea egin ahal izateko. Nafarroako Parlamentuak onartu du dagoeneko laguntza, eta Toki Administrazioa eta Berako Udala sinatu beharreko hitzarmena lantzen ari dira. Proiektua idatzita dago dagoeneko, eta akordioa sinatzean hasiko du udalak lizitazio prozesua.
Lan horien bidez, trafikoa Eztegaratik Matzada aldera bideratuko dute Toki Ona institutu gibelean zubi bat eginez eta Altzate karrikatik pasatzen den trafikoa arinduz. «Diru partida hau 2025eko Nafarroako Gobernuko aurrekontuetan jasoa zegoen, baina akats bategatik, okerreko sailean kokatua zegoen. Azkenean lortu da afera desblokeatzea», nabarmendu du Aitor Elexpuru alkateak.
Altzateko lanak, berriz, heldu den urriaren 20an hasiko dituzte. Lehenengo egunetan, lanak ibilbide alternatiboa osatuko duten Julio Caro Baroja, Ugalzubia, Hegoaldea, Matzada, Kanttonzabal eta Illekueta kaleak prestatzera bideratuko dira, ibilbide alternatibo horren puntu gatazkatsuek trafikoan ahalik eta eragin txikiena izan dezaten.