Palestina

Palestinari buruzko bertze dokumental bat ikusgai izanen da bihar Arantzan

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 16a

Palestinaren aldeko zikloa egiten ari dira Arantzan, eta horren barrenean, urriko hiru ortziraletan Palestinaren inguruko dokumentalak eta filma ematekoak dituzte. Joan den astean egin zuten lehenbizikoa, eta bihar bigarrena eginen dute. 

Joan den ortziralean, No Other Land dokumentala pantailaratu zuten, eta bihar, urriaren 17an, bertze dokumental bat ikusteko aukera izanen da: The Salt of the Sea

Urriaren 17an: The Salt of the Sea dokumentala

Dokumentaleko protagonistak, Sorayak, 28 urte ditu, Brooklynen jaio eta hazitakoa da, eta Palestinara bueltatzea erabaki du; 1948an erbesteratu zen handik familia. Ramalara ailegatu zenetik, atatxi-amatxik Jaffako banku batean zuten dirua berreskuratzen saiatu da Soraya, baina bankuak uko egin dio. Emad gazte palestinarrarenarekin topo egiten du orduan eta honek, berak ez bezala, gauza bakarra desio du: betiko handik alde egitea. Lan honek sariak lortuak ditu. 

Urriaren 24an: Omar filma

Film honek ere harrera ona izan zuen. Omar gazte palestinarra da protagonista eta balak saihestera ohitu da Nadiari, bere maitasun sekretuari, bisita egin eta horma gurutzatzen duen bakoitzean. Egunez okin lanak egiten ditu; arratsez, berriz, Israelen okupazioaren kontra borrokatzeko prestatzen da bere haurtzaroko lagunekin, Nadiaren anaia Tarekekin eta Amjadekin. Baina bere bizitza betiko aldatuko da egun batean. Jada deus ez da berdina izanen ez beretzat ez Nadiarentzat. Indarkeria, traizio eta gorrotoak ekarritako zurrunbilo batek harrapatuko du. Bere printzipioei leialki kasu egiten saiatuko da, bere bizitzaren eta maitasunaren alde borroka egiten duen bitartean. Hany Abu-Assad zinemagile palestinarraren lana da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun