Elizan 18:30ean hasiko den lehen kontzertuan Iñigo Morentin organista, Albert López perkusioarekin eta Unai Eseberri tronpetarekin ariko dira
Zikloa indar adierazkor handiko kontzertu batekin hasiko da, Lesakako Roqués Organoaren Lagunen Elkarteak antolatuta. Urriaren 19an, igandean 18:30ean hasiko den kontzertuan, organoak (Iñigo Morentin izanen da organista), perkusioarekin (Albert López) eta tronpetarekin (Unai Eseberri) partekatuko du protagonismoa, soinu kontraste biziak eta berritzaileak entzuteko aukera emanen duen konbinazio batekin.
Igandeko kontzertua
Kontzertu honek organoaren eta perkusio historikoaren arteko konbinazioa aztertzen du, estilo aunitzetako lanekin, non bi instrumentuek zati bakarlariak eta laguntzaileak dituzten. Pieza horietako batzuetan tronpetaren soinua ere gehituko da, dantzan eta organorako musika barrokoan inspiratutako doinuei distira emanez. Egitarauaren gainerakoan, XVIII. mendetik XX. mendera bitarteko nafar eta euskal egileen zenbait lan biltzen dira, perkusioak nabarmendutako une indartsuagoekin eta Lesakako paisaia ederrarekin mimetizatzen diren bertze delikatuago batzuekin. Aukeratutako errepertorioak Jose Luis Olaetxea organista eta konpositore lesakarraren partitura bat du amaiera gisa.
Hurrengo hitzorduak
Bigarren hitzordua Lesakako Abesbatzak antolatu du azaroaren 1erako, 18:30ean. Organoa eta Easo abesbatzako ahots baxuak uztartuko dituzte. Programak bi zati izanen ditu: lehena, Jesus Guridiren Requiem Mezako aukeraketa bat. Horrela, euskal konpositore handia omenduko dute organoa eta abesbatza lotuz. Bigarren zatia euskal folklorean zentratua, koruak pianoaren laguntzarekin interpretatuko du.
Sonoritate delikatuko proposamen batekin bukatuko da zikloa azaroaren 23an (18:30): organoa hiru zeharkako flautaz lagunduta (Roberto Casado, Ana Sarobe eta Olatz Rojo), atmosfera intimo eta goxo bat sortuz. Organista Víctor López izanen da.
Kontzertu guztiek udalaren babesa dute, eta, Easo abesbatzaren kontzertuan izan ezik, 5 euroko borondatezko ekarpena egitea proposatuko dute, antolaketan sortutako gastuak ordaintzeko. Emanaldi guztiak pantaila handi batean proiektatuko dira, elizako koruan egingo den musika-interpretazioa ikusi ahal izateko.