Etxalarko Usategietako asteburua ekitaldiz gainezka dator

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 16a

Eguraldiak laguntzen badu, jendetza elkartuko da aurten ere Usategietako Igandean, Lizarieta inguruan.

Etxalarko Udalak, Altxata kultur eta kirol elkarteak eta Etxalarko gazteek antolatuta, Usategietako Igandearen inguruan antolatutako asteburua ekintzaz beterik dator aurtengoan ere. 

Larunbat arratsean Hago Silik, Kulto Kultibo eta DJ Inaxio taldeak izanen dituzte eta Puro Relajo taldeak kontzertua emanen du igande arratsaldean plazan

Urriaren 18an, larunbatean 11:00etan paella txapelketa eginen dute eta, ondotik, txapelketarako prestatutakoarekin bazkaria eginen dute. Arratsaldez, 18:00etan jokoak izanen dituzte eta 19:30ean eskolako jangelaren aldeko bokatak salduko dituzte. 21:45ean su artifizialez gozatzeko aukera izanen da eta eguna bukatzeko, 22:30ean, oholtza gainera igoko dira Hago Silik, Kulto Kultibo eta DJ Inaxio taldeak. 

Urriaren 19an, igandean, berriz, eguraldi ona eginez gero, goizean talo postua paratuko dute Lizarietan. Arratsaldez, 19:00etan Puro Relajoren kontzertua izanen da Etxalarko plazan (sarrera librea izanen da) eta ondotik bi egurrezko eskulturen zozketa eginen dute. Txartelak egun guzian salduko dituzte. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun