'Metaka Auzolanez' jardunaldia eginen dute ortziralean eta larunbatean Ibardinen

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 15a

Meten ondarea ezagutaraztea du helburu jardunaldiak eta Berako eta Urruñako herriek antolatu dute elkarrekin

CPIE erakundeak eta Berako eta Urruñako herriko etxeek elkarrekin antolatu dute iratze metei buruzko Metaka Auzolanez jardunaldia. Ibardingo Batzarleku parajean eginen dute, eta bi egunez metak erdigunean paratu eta horien inguruan ikasteko eta aritzeko aukera izanen da. Historikoki Urruñako eta Berako herritarren  bilgunea izan da Batzarleku, eta hala izanen da urriaren 17an eta 18an ere.  Euskal mendiaren «ondare natural, kultural eta historikoari duen balioa eman» eta bi herrietako herritarrak elkartu nahi dituzte iratze metak nola egin ikasi bidenabar. 

Egitarauari dagokionez, ortziralean, 17an, haurrentzako jarduerak antolatu dituzte. Bi herrietako ikastetxeetako ikasleak elkartuko dira bertan eta hainbat tailer eginen dituzte. Bertzeak bertze metak nondik heldu diren ikasteko eta horiek egiten saiatzeko aukera izanen dute, baita txoriak eta zuhaitzak ezagutzeko eta paisaia aztertzen ikasteko aukera ere. Gainera, bi herritako haurrek elkarren artean harremanak sustatzeko aukera izatea dute helburu antolatzaileek. 

Larunbatean denentzat

Ortziraleko jardunaldiaren ondotik, larunbatean, hilaren 18an, herritar denek izanen dute Batzarlekura joateko aukera. 09:30ean elkartuko dira Batzarlekun, eta 10:00etatik goiti musika, bertako ekoizleen azoka eta margolariak izanen dira bertan. Eguna hasteko, bi herrietako zein Akitania Berriko eta Nafarroako Gobernuko basozainek solasaldia eginen dute. 

Metak protagonista izaki, 11:15ean meta handiak egiteko tailerra eginen dute. 12:15ean boteluze partidajokatuko dute eta 13:30ean eta 14:15ean metak nola egin ikusteko eta ikasteko aukera izanen da. 

Bazkalondoan, 15:15ean, herri kirolariak ariko dira, eta eta eguna borobiltzeko, 16:30ean, Sustrai Colina urruñarra eta Ekhiñe Zapiain beratarra ariko dira bertsotan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun