Berako Udalak eta Berako Kultur Batzordeak antolatu dute zikloa, eta horretan bidelagun izan dute Nilsa. Peio Martikorena Fundazioa eta Nafarroako Rural Kutxako Gizarte Ekintza dira zikloaren babesleak.
Ortziralean, urriaren 17an, izanen da lehen hitzordua. 11:00etan Berako Lagun Handiak elkartean Uraren memoriak izeneko tailerra eginen dute, nork bere iruditeria abiapuntu hartuta. Herritar denei irekitako jardunaldia izanen da.
Arratsaldean Bidasoko izokina mahai ingurua eginen dute 17:00etan Kultur Etxean Juantxo Otamendi, Jose Mari Mitxelena, Javier Balda, Martin Apezetxea, Joxi Iratzoki eta Joseba Martikorena ariko dira solasean, eta moderatzaile lanetan, berriz, Ekhiñe Zapiain ariko da.
Solasaldiaren ondotik, 18:45ean izokinari buruzko erakusketaren inaugurazioa eginen dute Kultur Etxeko Erakusketa Gelan.
Hitzordu gehiago heldu den astean
Egitarauaren segitzeko, urriaren 22an, asteazkena, Lagun Handia elkartean Etorkizuna eraikitzen tailerra eginen dute 17:00etan. Ortzeguneko etenaren ondotik, asteburuan borobilduko dute zikloa.
Ortziralean, urriaren 24an, ikastetxeetako ikasleak Mugairiko Nasara eta arrain haztegira bisita gidatuak eginen dituzte. 17:00etan, Kultur Etxean, El salmón del Bidasoa, una especie a conservar hitzaldia eginen dute. Ondotik, 18:00etan Bidasoko izokinari buruzko ahozko memoriaren aurkezpena eginen dute. Gastronomiarekin borobilduko dute eguna. 19:30ean hasi, eta 21:00ak arte, herriko zenbait ostatutan izokin pintxoen dastaketa eginen dute Maitagarria txarangak alaituta.
Larunbatean, urriaren 25ean, 10:00etan, Montoia eta Endarlatsa arteko arrantza tartean oinezko ibilbidea eginen dute arrantzaleen azalpenekin. Ondotik, 12:00etan, Bera Kantari eta gonbidatuak ariko dira Kanttonberrin, eta 13:00etan Berako artistek egindako Bidasoko Izokina arte lanaren aurkezpena eginen dute.