[ARGAZKIAK] Giro ederrean joan da Bortzegunaren bigarren edizioa Lesakan

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 13a

Bor-Bor Bortzirietako Euskaltzaleen Mugimenduak antolatuta, Bortzegunaren bigarren edizioa egin zuten larunbatean Lesakan. Solasa euskararen asnasa goiburupean eta eguraldi ederrarekin, egun osoko besta izan zuten. 

Eguneko lehenbiziko zita Landazelaietan egin zuten. Solasa euskararen asnasa leloa hartuta, argazki-murala egin zuten bortz herrietako herritarrek. Ondotik, kalejira manifestazioa hasi zen, Bortzirietako erraldoi, trikitilari, txistulari eta gaitariek girotuta. Herri bakoitzeko ordezkariek euren pankarta eraman zuten, bakoitzak bere mezuarekin: beratarrek Solasa euskararen asnasa, aranztarrek Arantzan zer? Uskaraz leher, igantziarrek Gu ez gara Madri txikito, etxalartarrek Zimeldu edo loratu, zuk hautatu eta lesakarrek Euskaraz eleka mantenu.

Plazara ailegatutakoan, ekitaldia egin zuten. Alaitz Rekondok egin zituen aurkezle lanak, eta Kattin Madariaga eta Josu Txoperena bertsolariek bertso batzuk bota zituzten. Segidan, Mattane Rodriguez eta Markel Maia lesakarrak igo ziren eszenatokira eta manifestua leitu zuten. Bortzirietako haurren txanda izan zen ondotik, eta ikastetxeetan prestatutako kanta elkarrekin dantzatu zuten.

Goizeko hitzorduak bukatuta, Plaza Zaharrean mahaiaren bueltan bildu ziren bazkaltzeko. Bazkalondoan, bingoa egin zuten eta ondotik, Jeiki Hadi mutxiko taldearekin dantzan aritu ziren. 19:30ean, Moltzoko txaranga atera zen, eta arratsean, Iratzar taldearekin erromeria izan zen plazan. Hala borobildu zuten Bortzegunaren bigarren eguna. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun