Jende aunitz bildu da Beran torturari buruzko solasaldian

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 13a

Kotto oroitzeko antolatutako  Udazkena Loratzen zikloaren barrenean, torturari buruzko solasaldia egin zuten Berako Espidobaita elkartean pasa den ortziralean.

Jeannette Ruiz psikologo klinikoak eta Amaia Izko abokatuak hartu zuten hitza Izaskun Rekartek gidatuta, eta elkartea goraino bete zen hiruen jarduna aditzera.

Ortziraleko solasaldiaren ondotik, azaroaren 1ean eta 2an izanen dira zikloko hitzordu nagusiak. Azaroaren 1ean, larunbata, Kottori buruzko Loratzen dokumentalaren estreinaldia eginen dute 11:00etan Berako Kultur Etxean. Sarrera debalde izanen da. 

Dokumentala bukatzean, poteoa eginen dute Kuxkuxtu txarangarekin herriko ostatuetan eta 14:30ean bazkaria eginen dute Zubiondon. Bazkarirako txartelak gaur paratu dituzte salgai eta urriaren 26ra arte egonen dira Berako Purienean, Lesakako Arranon eta Alkaiagako Zubiondon. Haurren menuak 13 euroko prezioa du eta helduenak, berriz, 35 eurokoa. Menu bereziren bat edo bertze zerbait behar duenak 639 92 93 11 zenbakira idazten ahal du. 

Igandean, azaroaren 2an, berriz, 11:00etan, Otsandan urteroko omenaldia eginen diote Kottori.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun