Aldaketa
Iturgin lanetan hasi zenetik, garaiak aldatu dira eta bezeroen eskaeretan ere aldaketa izan dela uste du: «jendea betikoarekin aspertua dagoela esanen nuke eta, gaur egun, badago alternatiba berrien bila aritzeko joera bat: batzuk sistema eraginkorragoen bila ari dira, besteek ekologikoagoak nahiago dituzte... denetarik dago». Horren ondorioz, profesionalek merkatua ongi ezagutu eta egunean egon behar izaten dute: «lantegi guztietan bezala, denborak aldatzen dira eta behartuta zaude pixka bat denetatik ezagutu eta ikastera».
«Dauden aukera guztiak mahai gainean jarri behar dira. Momentu jakin batean, sistema batek du ospea; hurrengoan, bertze batek. Modak alde batera utzi eta guk eskaini dezakeguna entzutea ere garrantzitsua da»
Zein aukera dauden ikusi eta ikastea bertzerik ez dago. Berak argi du: «Ez dut uste sistema perfektu bat eta bakarra dagoenik. Kasu bakoitza banan bana ongi aztertu beharra dago. Bakoitzak badu bere bizimodua, bere egoera, bere kontsumo ohiturak… eta begiratu egin behar da kasuz kasu zer komeni zaion eta zer ez». Izan ere, idealena dena ez da beti posible: «zertarako prest dagoen eta zertarako ez, zenbateko inbertsioa egin nahi duen... dena izan behar da kontuan eta guri dagokigu alternatibak eskaintzea. Batzuentzat sistemarik idealena bat izan daiteke, baina ekonomikoki kostuari ezin badio aurre egin, ez da egokiena izanen». Kontuan hartu beharreko hainbat faktore daude eta aukera ugari. Hori dela eta, argi du bere lanaren parte dela aholkulari izatea: «dauden aukera guztiak mahai gainean jarri behar dira. Momentu jakin batean, sistema batek du ospea; hurrengoan, bertze batek. Modak alde batera utzi eta guk eskaini dezakeguna entzutea ere garrantzitsua da». Berriena, batzuetan, ez delako egokiena: «garai bateko sistemek bazituzten beraien indargune eta gabeziak eta oraingoak ere badituzte».
Instalazioa osorik aldatu beharrean, egokitzapen bat egitea ere alternatiba izan daitekeela azpimarratu du: «ikusi behar da zer duzun lehenago eta aunitzetan duzuna egokitu eta mantenu lanak eginda, gastu txikiagoa eginda, zure instalazioa eraginkorragoa izatea lortzen duzu». Bere ustez, hori da gakoa:«dugun instalazioa ahalik eta eraginkorrena izateari eman beharko genioke garrantzia».
Instalazioa eta makina egokia jartzeaz gain, geroko lanak ere ez dira ahaztu behar: «Sistemaren errendimenduaren puska handi bat haren garbiketa eta zaintzarekin lotua dago. Kalitatezko aparatua erosi eta instalazioa ongi egitea bezain garrantzitsua da, behar bezala mantentzea». Eta horretan ere bai, aritzen da Matxako.