Danserie Ensemblek musika ibilbide bat proposatzen du, ikerketa historikoa eta ahozko tradizioaren oroimena uztartzen dituena, ardatz nagusitzat txistua hartuta. Kontzertuak bi zati ditu: lehen zatiak antzinako eskuizkribuetan eta tratatuetan jasotako piezak ditu ardatz eta bigarren zatian ahoz transmititutako melodiak izanen dira entzungai, gaur egun ia desagertuta daudenak.
Musika-bidaia bat izateaz gain, kontzertuaren bidez omenaldia egin nahi zaie soinu-ondare hori zaintzen aritu zirenei: biltzaileak, folkloristak eta musikologoak, hala nola Francisco Arrarás Soto, Lizarrako Aita Olazaran, Aita Donostia eta Aita Jorge Riezu. Haiek guztiek erreferentzia bera izan zuten: Lekarozko ikastetxea, euskal kulturaren sinboloa eta erdigunea.