Urriaren 10ean: No Other Land dokumentala
2025eko Oscar saria irabazi zuen No Other Land dokumentalak bertako egoera erakusten du. Basel Adra, Zisjordaniako Masafer Yattako ekintzaile gazte palestinarra, ttikitatik ari da Israelgo agintariek bere komunitatea masiboki kanporatzearen kontra borrokan. Bere jaioterriaren erauztea bildu du dokumental honetan, non Israelgo Gobernuak zabaldutako soldaduek pixkanaka-pixkanaka etxeak eraisten eta bertako biztanleak kanporatzen dituzten. Adrak Yuval kazetari israeldarra ezagutuko du, eta bere ahaleginetan lagunduko dio.
Urriaren 17an: The Salt of the Sea dokumentala
Dokumentaleko protagonistak, Sorayak, 28 urte ditu, Brooklynen jaio eta hazitakoa da, eta Palestinara itzultzea erabaki du; 1948an erbesteratu zen handik familia. Ramalara ailegatu zenetik, atatxi-amatxik Jaffako banku batean zuten dirua berreskuratzen saiatu da Soraya, baina bankuak uko egin dio. Emad gazte palestinarrarenarekin topo egiten du orduan eta honek, berak ez bezala, gauza bakarra desio du: betiko handik alde egitea. Lan honek ere sariak lortuak ditu.
Urriaren 24an: Omar filma
Film honek ere harrera ona izan zuen. Omar gazte palestinarra da protagonista eta balak saihestera ohitu da Nadiari, bere maitasun sekretuari, bisita egin eta horma gurutzatzen duen bakoitzean. Egunez okin lanak egiten ditu; arratsez, berriz, Israelen okupazioaren kontra borrokatzeko prestatzen da bere haurtzaroko lagunekin, Nadiaren anaia Tarekekin eta Amjadekin. Baina bere bizitza betiko aldatuko da egun batean. Jada deus ez da berdina izanen ez beretzat ez Nadiarentzat. Indarkeria, traizio eta gorrotoak ekarritako zurrunbilo batek harrapatuko du. Bere printzipioei leialki kasu egiten saiatuko da, bere bizitzaren eta maitasunaren alde borroka egiten duen bitartean. Hany Abu-Assad zinemagile palestinarraren lana da.