Lesakako Garbigune Ttiki berriak hondakin kutsagarri txikiak biltzen ditu

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 7a

Irailaren 18an bisitatu zuten Tantirumaitu ikastolako ikasleek Garbigune Ttikia eta zigiluak kentzen eta inauguratzen lagundu zuten.

Garbigune Ttiki berria martxan paratu du Lesakan Bortzirietako Hiri Hondakinen Mankomunitateak, suhiltzaileen parkearen ondoan. Bertan, hagitz kutsagarriak diren eta edukiontzietan bota ezin diren etxeko hondakin txikiak bilduko dituzte. Hor utzitako hondakinak Alkaiagako Garbigunera eraman ditu Mankomunitateak eta han behar bezala kudeatuko ditu.

Ontziek barrenean duten produktuak kudeatu nahi dituzte, beraz, ontzi hutsak edukiontzi horira botatzen segitu behar da

Zigilua kentzen eta Garbigune Ttikia inauguratzen lagundu zuten Tantirumairu ikastolako ikasleek irailaren 18an eta, beraz, dagoeneko Lesakako herritar guztiek erabil dezakete. Argazkian ageri den bezala, Garbigune Ttikia bisitatu zuten eta interes handia erakutsi zuten zerbitzu berriak nola funtzionatuko duen eta zer hondakin bota ahal izanen diren jakiteko.

Onartutako hondakinak

Aerosolak (likidoarekin), bateriak, bonbillak eta fluoreszentak, CDak eta DVDak, fitosanitarioak, garbiketa produktuak, gasolio/olio filtroak, kolak eta silikonak, kutsatutako ontziak, olio begetala, olio minerala, pilak, pinturak, erradiografiak, toner eta inprimagailuko tintak eta tresna elektrikoak eta elektronikoak bota daitezke.

Bortzirietako Hiri Hondakinen Mankomunitateak eskertuko luke hondakinak ongi bereizi eta dagokien lekuan uztea, Mankomunitateko langileen lana errazteko. Bertzela, denbora aunitz behar da hondakin txiki horiek banan banan bereizteko, gero behar bezala kudeatu eta birziklatu ahal izateko.

Ontzi hutsik ez

Hori bai, gogoratu behar da plastiko, metal edo brik ontzi hutsak edukiontzi horira bota behar direla, orain arte bezala. Barrenean likidoa duten aerosolak, pintura duten potoak, garbiketa produktuak dituzten ontziak eta gisa horretakoak baino ez dira utzi behar Garbigune Ttiki honetan.

Zerbitzu berri honekin ontziek barrenean duten produktu kutsatzailea kudeatu nahi dute, ez ontzia bera. Beraz, hutsik badaude, edukiontzi horira bota.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun