Ainhoa Etxegarai beratarrak irabazi du Mendira Joan Etorria lasterketa

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 7a

Ainhoa Etxegarai garaile helmugaratzen. Argazkia: Nerea Mazkiaran

Han eta hemen mendi lasterketak zabalduak daude, baina horien artean Nafarroan lehena izan zen Etxarri Aranatzeko Mendira Joan Etorria lasterketa. Aurten, berrogeita hamargarren edizioa bete du igandean eta Ainhoa Etxegarai beratarra suertatu da garaile. Hamar kilometro luze eta 570 metroko desnibel positiboa du probak, Urbasako Hartzabal mendia igoz eta jautsiz. Etxegaraik 57 minutu eta 22 segundo behar izan zituen ibilbidea osatzeko.

Etxarri Aranatzeko mendi lasterketaren 50. edizioan garaile izan zen beratarra igandean

Bere ondotik, Etxarri bertako Eneritz Karasatorre izan zen bigarren (59.06) eta Uharte-Arakilgo Maite Beregañak osatu zuen podiuma (1.00.10).

Gizonezkoen artean, Villabonako Eneko Garin izan zen bizkorrena (46.51), Antsoaingo Ibai Primicia bigarren (47.39) eta Etxarriko Aritz Munarriz hirugarren (47.53). Berako Julen Errandonea zortzigarren izan zen (49.58).

Eneko Garin eta Ainhoa Etxegarai txapeldunak, podiumeko bertze korrikalariekin batera. Argazkia: Nerea Mazkiaran

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun