Baserritarren Egunean parte hartzeko gonbita egin die Ekaitza Elkarteak aranztarrei

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 7a

Azaroaren 1ean Arantzan XXIX. aldiz eginen den Baserritarren Egunean, postua paratzeko, aziendak eramateko eta gazta edo ahari lehiaketetan parte hartzeko urriaren 14rako apuntatu behar da.

Baserritarren Eguna antolatzen hasia da Arantzako Ekaitza Elkartea. Berriz ere baserritarren eta herritarren lanari balioa eman, eta egindako lana plazaratzeko helburuarekin antolatu du, eta azaroaren 1ean, baserriko produktuak, aziendak, erremintak, eskulanak... eramateko deia egin die herritarrei. Frontoian, erakusketako eta salmentako postuak paratuko dituzte, eta plazan, berriz, azienden erakusketa eginen dute.

Bertzalde, gazta eta ahari lehiaketak ere izanen dira. Gazta bakoitzarengatik 25 emanen dizkiote parte hartzaileari eta hiru sari izanen dira: lehenbizikoak 120 euro hartuko ditu; bigarrenak 100 euro eta hirugarrenak 60 euro. Ahari lehiaketan, bi sari izanen dira: lehenbizikoak 50 euro eta bigarrenak 25 euro.

Parte hartzeko

Postua paratzeko asmoa duenak edo gazta edo ahari lehiaketetan parte hartu nahi duenak urriaren 14a baino lehen izena eman beharko du. Aziendak eraman nahi izanez gero, Lucia Iparragirreri edo Imanol Lukanbiori abisatu behar zaio; postua paratzekotan, Beatriz Tabernari edo Ixabel Danborienari eta gazta lehiaketan parte hartzeko, Mirari Maizi edo Gurutze Pikabeari. Erakusketako eta salmentako postuak aranztarrek paratzen ahal dituzte eta gazta eta ahari lehiaketak ere herritarrentzako dira. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun