Behin eskaera guztiak eginda, zuhaitzak markatuko dituzte, eta ondotik, berriz loteak zozketatuko dituzte. Zozketa eginda, ez dute eskaera berririk onartuko.
Egur lotea familia unitate bakoitzeko emanen dute eta udalarekin zorren bat duten herritarrek ezin izanen dute loterik eskatu. Gainera, debekatuta izanen da egurra herritik ateratzea, egurra herriko bizilagunek aprobetxatzekoa baita.
Azken urteetan bezala, bi modalitateko loteak eskainiko ditu udalak. Alde batetik, norberak lotea mendian ateratzeko aukera izanen du, eta bertzetik egurra etxean hartzekoa.
Lehen modalitatea aukeratzen dutenek 10,45 euro ordaindu beharko dituzte lotea eskatzerakoan. Horretaz gain, egurra prestatzeko lanen kostua ere ordaindu beharko dute.
Aprobetxamendurako alderdia udalak erabakiko du eta auzoetako kasuan Mendiko Batzordeak aukeratuko ditu alderdiak. Zuhaitz eroriak ere zozketan sartuko dira. Gainera, iazko lotea atera ez dutenei ez zaie loterik emanen eta lote horiek aurtengo zozketan sartuko dituzte.
Lotea ateratzeko epea heldu den urteko martxoaren 31n bukatuko da, eta epe horretatik aitzinera ateratzea debekatua egonen da. Gainera, aprobetxamendua egiten ez dutenei ez zaie loterik emanen hurrengo urtean. Bide bazterrean utzitako loteak kentzeko epea, berriz, bi hilabetekoa izanen da.
Lotearen zozketa egin ondotik, eskatzailearen ardurapean geldituko dira gainerako lanak, eta lotera eraman ondotik, lekua garbia utzi beharko da.
Lotea etxean hartzea
Bigarren aukeran zuzenean su egurra etxean hartzen ahalko dute eskatzaileak. Lote bakoitza 5 tona edo 10 tonakoa izanen da, eta lotearen prezioa aitzineko urteetakoaren antzekoa izanen da. Kasu horretan fidantza paratu beharko dute eskatzaileek, 5 tona eskatzen dituztenek 50 eurokoa eta 10 tona eskatzen dituztenek 100 eurokoa.
Udalaren ardura izanen da lotea ateratzea, garraiatzea eta ematea. Izena ematean eskatzaileek zehaztu beharko dute non nahi duten uztea lotea, eta aipatutako lekuak sarrera egokia izan beharko du garraiolariarentzat. Herritik kanpoko loteen kasuan, udalak eta garraiolariak adieraziko dute zeintzuk diren leku egokiak.
Lanen kudeaketa errazteko, eskatutako sistemak eta tonak ezin izanen dira aldatu, alegia, hasieran eskatutakoa izanen da banatuko dena. Lotea eskatu ondotik, uko egiten bazaio, jarritako fidantza udalarentzat geldituko da eta ezingo da egur loterik eskatu ondoko urtean.