Leitu Lesakako irakurketa zikloaren bigarren edizioa MO erakusketarekin abiatu da

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 2a

'MO Behi euskaldun baten memoriak' erakusketa didaktikoa ikusgai izanen da egunotan Lesakako liburutegian.

Leitu Lesakako irakurketa zikloa da, aurten bigarren edizioa duena, eta herrian irakurketa sustatzea eta ospatzea du helburu hainbat ekitaldi eta jarduerekin. Lehenbizikoa dagoeneko martxan da: Urriaren 1etik 17ra MO: Behi euskaldun baten memoriak erakusketa didaktikoa ikusgai da liburutegian, 15:00etatik 20:00etara, liburuko ilustrazioekin osatua, Karrikiri elkartea eta Pamiela argitaletxeari esker.

 

Zikloko bertze ekitaldiak

Urriaren 24an, Liburutegien Nazioarteko Egunaren ospakizunen baitan, Manuel Martorell idazleak Kurdistani buruzko hitzaldia emanen du gaztelaniaz, ortziralean 19:00etan.

Urriaren 29an, asteazkenean, 18:00etan, Fernando Mikelarena historialariak bere azkeneko liburua aurkeztuko du, Ideología identitaria de los vencedores: Eladio Esparza, Diario de Navarra y navarrismo foralcatólico (elebitan).

Urriaren 31n, 18:00etan hasita, Gau Beltza ospatuko dute Maite Frankorekin eta bere ipuin kontaketa bereziarekin Lesakako Liburutegian.

Ezin aipatu gabe utzi irakurketa ardatz duten jarduera hauen artean Mintzoan kux kux egitasmoaren inguruan irakurketa kluba eta Motxila ibiltaria proiektuak lantzen ari direla, zeinetan familiak, herriko ikastetxeak eta Liburutegi Publikoa lotzen baitituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun