Hortik aitzinera, besta giroa lehertu zen. Larunbatean, Arpana txapelketa mistoko kanporaketa ofizialarekin batera, herri kirol saio “ez hain ofiziala” eskaini zuten gazteek. Umoretik, baina kirol lehia atzendu gabe. Gauerdian ere betizuak izan ziren plazan eta jendetza bildu zen. Igandean pilota partida ikusgarriak izan ziren eta mutxikoak dantzatzeko aukera. Asteleheneko San Migel egunean, ezpata dantzariek ohiko dantzak egin zituzten eta mariatxiak ere izan ziren. Asteartean, azkenik, eguerdiko betizuak aipagarri, gazteak mozorroturik eta Joselontxos txarangaren laguntzarekin atera baitziren plazara. Julio Sotorekin eta Iker Zubeldiarekin herri bazkaria egin zuten eta haurrek ere bere bazkaria izan zuten, besten hondarreko egunean.