Larunbatean eginen dute Berako Gazte Eguna

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 2a

Udaberritik udazkenera data aldatuta eginen dute aurtengo Gazte Eguna Beran. Larunbatean, urriaren 4an izanen da eta  Barraskilo Gazte Taldeak antolatu du egitaraua. Ekitaldi denetan parte hartu dezake edonork, baina, bazkariko txartelak erosteko epea irailaren 14an bukatu zen.  

10:30ean elkartuko dira txupinazoa botatzeko, eta suziria botata murgilduko dira bestan.11:00etan ginkana eginen dute, eta hori bukatuta, 12:30ean, karropoteoa herrian barna. Itzulia bukatuta izanen da bazkarirako txanda, 14:30ean.

Bazkalondoan atsedenerako tarte handirik utzi gabe jokoak izanen dira 19:00etan berriz ere musika izanen dute Punttu Kakotx elektrotxarangarekin. Eguna borobiltzeko 23:00etan Zilibito Records taldearen kontzertua izanen da hori bukatzean DJ Onddotik ariko da musika paratzen eta sorpresak ere iragarri dituzte. 

Ekitaldi denak Toki Ona Institutuko patioan edo zelai gorrian eginen dituzte eta parte hartzaileei mahoizko galtzekin eta Barraskiloren kamisetarekin joateko deia egin diete.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun