Azkaine eta Lesakaren arteko parekatze eguna ospatuko dute larunbatean

Ttipi-Ttapa 2025eko urriaren 2a

Azkaine Larhunetik ikusia. Urriko lehen larunbatean senidetze eguna izanen dute Azkainek eta Lesakak.

Azkaine eta Lesakako herriko etxeek antolatuta, bi herrien arteko parekatze edo senidetze eguna ospatuko dute urriaren 4an. Egitarau zabala prestatu dute urriko lehen larunbaterako.

Lesakatik Azkainera mendi martxa izanen da eta Azkainen bi herrietako ekoizleen merkatua, bazkaria bertsolariekin, pilota, dantza eta bertso poteoa izanen dituzte

Urriko lehen larunbatean, 08:00etan abiatuko da mendi ibilaldia Lesakatik Azkainera. Azkaineko plazan, Azkaineko eta Lesakako ekoizleen merkatua eginen dute 08:00etatik 13:00etara. 11:30ean Kornelio Kantuzeko musikariak merkatuan. 14:00etan Azkaineko ikastolak antolatutako bazkaria eginen dute, Maddi Ane Txoperena eta Haira Aizpurua bertsolarien parte hartzearekin. Aritz Bidegain izanen dute gai emaile. Menuan kuia krema, arroltze perfektua, arteki kurruskatsua, xerri mazelak ardo beltzarekin eta polenta, txokolate pastela, ardoa, kafea eta ondokoa izanen dute. 25 eurotan eskura daitezke txartelak. 17:00etan pilota partidak, Azkaindarrak Bat-eko eta Lesakako Arkupe elkarteko pilotari gazteekin. 18:00etan dantza saioa bi herrietako taldeekin. 19:00etan bertso poteoa herriko ostatuetan, Josu Txoperenarekin eta Oier Urreiztirekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun