Iker Santesteban eta Eneko Martinez nagusitu dira Lesakako XXII. Rallysprintean

Ttipi-Ttapa 2025eko irailaren 30a

Lesakako XXII. Rallysprinteko sailkapen orokorreko podiumean, Iker Santesteban eta Eneko Martinez garaile, Iñaki Zozaia eta Xabier Andueza lesakarra bigarren eta Jon Erezuma eta Ignacio Fondado hirugarren.

Ziharka Sport eskuderiak antolatutako Lesakako Rallysprint auto lasterketaren hogeita bigarren edizioa burutu zen larunbatean. Denera 57 ibilgailuk hartu zuten parte eta lau txanda osatu behar izan zituzten, Agiñako errepidean goiti eta beheiti, 37,2 kilometro denera.

57 ibilgailuk parte hartu zuten larunbatean Ziharka Sport eskuderiak Agiñako errepidean antolatutako proban

Sailkapen orokorrean, Iker Santesteban eta Eneko Martinez nagusitu ziren, BMW M3 E36 autoarekin. Bigarren, Malerreka Motorsport eskuderiako Iñaki Zozaia eta Xabier Andueza lesakarra izan ziren, Porsche 911 GT3 autoarekin. Hirugarren postuan gelditu ziren Urdaibai Motosport eskuderiako Jon Erezuma eta Ignacio Fondado, Renault Clio autoarekin

Ibilgailuen klaseen araberako sailkapenei dagokienez, lehen klasean Aimar Arriolabengoa eta Maialen Ballina (Citroen AX); bigarren klasean Asier Almandoz eta Arkaitz Otegi (Peugeot 208 R2); hirugarren klasean Aitor Irazabal eta Ander Bikandi (BMW 325i-30); laugarren klasean Joseba Iñarrea eta Andoni Kamino (Renault Clio Cup), bosgarren klasean Iker Santesteban eta Eneko Martinez (BMW M3 E36); seigarren klasean Iñaki Zozaia eta Xabier Andueza (Porsche 911 GT3); bederatzigarren klasean Aratz Zarakondegi eta Koldo Ugalde (Ford Escort MKII) eta hamargarren klasean Jon Zubeldia eta Nagore Errazkin (BMW E36 M3).

Asfaltoko Focus RACVN Kopako ibilgailuei dagokienez, Markel Eizagirre eta Julen Barrondo izan ziren bizkorrenak, Joseba Lekuona lesakarra eta Borja De la Linde bigarren eta Javier Ballestero eta Angel Ruiz hirugarren.

Focus Kopako podiumean, Eizagirre eta Barrondo lehenak, Joseba Lekuona lesakarra eta De la Linde bigarren eta Ballestero eta Ruiz hirugarren.

Kopilotu junior onenaren saria Endika Barbarinek eskuratu zuen. Ziharka Sport eskuderiako bizkorrenak Hodei Unsion beratarra eta Patricia Sanz lesakarra izan ziren, BMW E30 ibilgailuarekin.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun