[ARGAZKIAK] Kotto gogoan bertso saio ederra egin dute Beran

Ttipi-Ttapa 2025eko irailaren 29a

Kottoren heriotzaren 20. urteurrenaren harira, Berako Espidobaita Elkarteak antolatu duen Udazkena Loratzen zikloari atzo eman zioten hasiera. Berako Telletxeko lorategian, bertso saio musikatua egin zuten. 

Argazkiak: Arantza Agirre.

Maddi Ane Txoperena eta Alaitz Rekondo aritu ziren gai jartzaile lanetan, eta haien aginduetara, lau bertsolari kantari: Julio Soto, Ekhiñe Zapiain, Beñat Gaztelumendi eta Miren Artetxe. Musika jotzen, berriz, Aitor Mitxelena eta Araitz Bizkai aritu ziren, eta denek elkarrekin, saio ederra egin zuten, bildu zirenen gozamenerako.

Hitzordu gehiago

Kottoren omenez, azaroaren 2ra arte, ekitaldi gehiago izanen dituzte. Urriaren 10ean, Torturaren arrastoak argazki erakusketa ikusteko aukera izanen da eta torturari buruzko solasaldia eginen dute. Espidobaita Elkartean izanen da, 19:00etan.

Azaroaren 1ean, berriz, Loratzen dokumentalaren estreinaldia izanen da 11:00etan kultur etxean. Ondotik, poteoa eginen dute Kuxkuxtu txarangarekin eta 14:30ean bazkaria. Zikloa borobiltzeko, azaroaren 2an, Otsandara joanen dira goizean eta bertan omenaldia eginen diote Kottori. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun