Futbol inklusibo topaketa eginen dute irailaren 28an Beran

Ttipi-Ttapa 2025eko irailaren 26a

Desgaitasuna duten futbolariak dutenak eta desgaitasunik ez dutenak ere elkartuko dira igande goizean Berako Matzadan, futbol inklusibo topaketan. Argazkia: Gipuzkoako Futbol Federazioa

Gipuzkoako Futbol Federazioak, Berako Udalaren, Gure Txokoa elkartearen eta bertze zenbait erakunderen laguntzarekin antolatutako futbol inklusibo topaketa eginen dute irailaren 28an, igandean 11:00etan hasita, Berako Matzada futbol zelaian. Zortzi urtetik goitikoei zuzendutako topaketa da, desgaitasuna duten eta ez duten haurrei eta gazteei zuzendua. Izena emateko futbolegokitua@gipuzkoafutbola.eus helbide elektronikora idatzi edo 747 42 68 23 (Josu) telefonora deitu behar da.

 

Igandean 11:00etan hasiko da Matzadan zortzi urtetik goitikoei zuzendutako jardunaldia

Josu Zubiak, Gipuzkoako Futbol Federazioko kirol zuzendariak aipatu digunez, «Gipuzkoako kirol egokituko federazioan ere lan egiten dut, eta eskerrak eman nahi dizkiet topaketa honetan partaide izan den Gure Txokoari eta beraien lankide, laguntzaile eta babesleei batez ere».

Berako jardunaldian desgaitasuna duten kirolariak izanen dira partaide, «ume, gazte eta helduagoak, Gipuzkoatik, Bizkaitik eta eskualdetik etorriak eta ordu eta erdi inguruko saioa bukatutakoan, otordu ttiki bat eskainiko zaie jokalariei, esker on bezala».

Gure Txokoa elkarteak urtero jardunaldi hau errepikatzea helburu bezala finkatu nahiko luke, eta Bortzirietara ireki ideia, elkar lanean aritzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun