Memoria nahasmenduak
«Memoriaren bidez, informazioa bildu, garunean pilatu eta berreskuratzen dugu. Hari esker oroitzen gara nor garen, gure iragana nolakoa zen, eginkizunak nola egin behar ditugun...», dio Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak. Adinean aitzinera egin ahala, ordea, «baliteke gero eta memoria urriagoa izatea, eta memoria akatsak agertzen dira: solasak mingainaren puntan gelditzea, giltzak non utzi ditugun ez oroitzea...». Halakoak «zahartzaroko ahazte arruntak» dira institutuaren erranetan, «eritasun bilakatzen ez direnak. Bertze memoria galera batzuk aldi batekoak dira; eta horiek gertatzen dira kezka, estresa, gogo txarra, eta abar, izaten dugunean».
Badira, ordea, memoria nahasmendu larriago batzuk; eta halakoetan, diagnostikoa egiteko testak eta bertzelako probak egin behar dira. Horien artean hauek bereizi ditu Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak:
-
Narriadura kognitibo arina
«Gure adinean izan beharko genukeen memoria galera behar baino handiagoa denean gertatzen da, baina eguneroko jarduerak egiteko oztopo ez denean betiere». Alegia, hitz egokiak ezin aurkitu ibiltzean, hitzorduak errazago atzentzean, gauzak maizago galtzean... Horien segida egin behar dela uste du institutuak: «Zenbaitetan, dementziaren hasiera izaten ahal da».
-
Dementzia
Dementzia, berriz, «garunaren eritasun bat da. Hor dauden neurona izeneko zelulen kopurua murrizten da eta bertze batzuek ez dute behar bezala funtzionatzen. Ondorioz, memoria galtzen joaten gara, bai eta solas egiteko eta gauzak/pertsonak ezagutzeko gaitasuna murrizten ere». Horien adibidez, telefonoa erabiltzen atzendu, edota giltzak zertarako diren, bertze modu batera jokatu, etab. Gehiago ere bai: «Pixkanaka-pixkanaka, funtzionamendu pertsonalean, lanekoan edo sozialean eragiten doa, eta babes eta zaintza gehiago behar ditugu inguruan». Dementzien artean ere badira klase bat baino gehiago: «Ohikoenak alzheimerra, dementzia baskularra edo Levyren gorputzak dituen dementzia dira; haietako bakoitzak bere ezaugarriak eta sintomak ditu».
Memoria hobetzeko zer?
Aholku batzuk bildu ditu memoria hobetzeko.
-
Zainketa orokorrak
-
- Ariketa fisikoa: guttienez 30 minutu egunero. Eguneroko jarduerak egiten segitu: erosketak, etxeko lanak, aisia...
- Jarduera soziala: lagunak, gustuko ditugun jarduerak planifikatzea, musika, dantza...
- Elikadura osasungarria: denetik jatea, baina fruta eta barazki aunitz, eta gantz ase, azukre eta gatz gutti.
- Zentzumenen zainketa: ikusmena eta entzumena aztertzea, antiojoak edo audifonoak erabiltzea...
- Tabakoa erretzea, alkohola edatea eta zenbait botika memoria akatsekin lotzen dira.
- Ingurunea egokitzea: etxea antolatua izatea, gauzak (giltzak...) uzteko toki bat edukitzea, segurtasun neurriak hartzea (argia, lur irristakorrak, produktu toxikoak...).
-
Botikak
Dementziek sendabiderik ez izan arren, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren hitzetan, «badira prozesua motelarazten duten botikak, edo arindu egiten dituztenak agertzen ahal diren asaldurak: antsietatea, portaeraren nahasmenduak, etab». Hala ere, argi utzi du «pertsona guztiek ez dutela medikazio bera behar».
-
Jarduera mentala
-
- Zereginei edo informazioari arreta handiagoz erreparatzea, ozenki errepikatzea, gauza bat baino gehiago aldi berean egitea saihestea, erlaxazioa praktikatzea, oroitu nahi den hori ezagna den zerbaitekin lotzea...
- Zentzumenez baliatzea informazioa gordetzeko (ikusi, aditu, usaindu, ukitu, dastatu). Argazki edo postal bateko objektuei erreparatu eta ikusi nolako forma eta usaina duten, zer soinu ateratzen duten...
- Hizkuntza lantzea: elkarrizketak edukitzea, leitzea, albistegiak aditzea, gela edo argazki batean ikusitakoa deskribatzea, gurutzegramak edo sudokuak egitea, zerrendak egitea (Mz hasten diren izen edo hitzekin, lauko edo hiruko hitzekin), kultur jardueretan parte hartzea...
- Gogora ekartzea: oroitu nahi denari buruzko xehetasun batez oroitzen saiatzea edo horren «argazkia» irudikatzea, toki hartara joatea fisikoki edo mentalki (etxera txaketa jantzita sartu nintzen, txaketa kendu nuen eta utzi nuen...); egunean egindakoa mentalki berraztertzea; bizitzaren gauza garrantzitsuenez oroitzea...
- Kalkuluak buruz egitea: mahai jokoak (kartak, dominoa, partxisa, antzara jokoa, xake jokoa, etab.); erosketen kostua kalkulatzea; kontuak egitea... «Adibidez, 180 ken 3 egitea 0ra ailegatu arte».
- Denbora eta espazioa lantzea: egutegi batean eskribitzea familiako gertakizunak eta hitzorduak, eta egunero begiratzea; planoak edo ibilbideak dituzten marrazkiak erabiltzea...
- Kanpoko laguntzez baliatzea: agendak, oharrak, etiketak, alarmak...
- Memoria lantzeko taldeetan parte hartzea, estimulazio kognitiboa jorratzea...
Memoria akatsen bizitzen ikasi
Memoria akatsek «kezka edo beldurra eragiten» eta «antsietatea edo ziurgabetasuna sorrarazten» dutela oroitarazi du Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak. Hala, «informazioak, heziketak, onespenak eta babesak, diagnostikoaren aitzinetik eta prozesu osoan zehar, egoerari kontra egiten laguntzen» dutela gehitu du.
Narriadura kognitiboak zein bertzelakoak dituztenen kasuetan, «adinean aitzinera egin ahala, haiek onartu» eta «orain zein etorkizunean nola bizi nahi duten erabakitzeko» aholkatu du institutuak: «paperak prest utzi, bizi-testamentua egin... Hots, adierazi behar dute nola nahi duten izatea segitu behar duten tratamendua, baita beren bizitzaren akabaila ere. Gaur egun, adin guztietakoek egiten dute bizi-testamentua».
Horrekin batera, «lanarekin, familiarekin eta adiskideekin lotutako erronkei aurre egin» behar dietela gaineratu du: «Ez da erraza oreka aurkitzea; izan ere, batetik, sostengua eman behar da: premiak eta lehentasunak aintzat hartuz. Eta, bertzetik, pertsonen duintasuna eta eritasunak uzten duen autonomia mailarik gorena errespetatu behar dira: medikalizatu, inbaditu eta gehiegi babestu gabe, eta haiek erabakitzen ahal dutenaren gaineko erabakirik hartu gabe; beren bizitzarekin segitzen utzi behar zaie, horretarako denbora gehiago behar badute edo zailtasun handiagoei aurre egin behar badiete ere». Gisa berean, «zainketak partekatzearen garrantzia» aipatu du Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak: «Memoria nahasmendua dutenen inguruko pertsonen elkarlana behar da, eta eskura dauden baliabide sanitario, sozial eta komunitario egokienak zein diren erabaki behar da».
Baliabideak
Memoria nahasmenduak dauden kasuei begira, osasun etxeez gain, gizarte zerbitzuak eta bertzelako baliabide batzuk badirela ere oroitarazi du institutuak, bertzeak bertze, AFAN Alzheimerra dutenen senideen Nafarroako elkartea (948 27 52 52).