Bertso saio musikatua eginen dute igandean Beran 'Udazkena Loratzen' zikloaren barrenean

Ttipi-Ttapa 2025eko irailaren 24a

Julio Soto, Ekhiñe Zapiain, Beñat Gaztelumendi eta Miren Artetxe ariko dira bertsotan igandean Beran.

Igandean hasiko da Kottoren heriotzaren 20. urteurrenaren harira Berako Espidobaita elkarteak antolatutako Udazkena Loratzen zikloa. Bertso saio musikatua eginen dute Telletxeko lorategian eta sarrera debalde izanen da.

Lau bertsolari ariko dira kantuan: Julio Soto, Ekhiñe Zapiain, Beñat Gaztelumendi eta Miren Artetxe. Gaiak jartzen Maddi Ane Txoperena eta Alaitz Rekondo ariko dira eta musika jotzen, berriz, Aitor Mitxelena eta Araitz Bizkai.

Saioa 17:00etan izanen da Telletxeko lorategian eta Berako Udalak, Espidobaita elkarteak eta Bortzirietako Bertso Eskolak antolatu dute.

Hitzordu gehiago

Igandean hasi, eta azaroaren 2ra arte luzatuko da Kottoren omenezko zikloa. Urriaren 10ean, Torturaren arrastoak argazki erakusketa ikusteko aukera izanen da eta torturari buruzko solasaldia eginen dute. Espidobaita elkartean izanen da 19:00etan.

Azaroaren 1ean, berriz, Loratzen dokumentalaren estreinaldia izanen da 11:00etan Kultur Etxean. Ondotik, poteoa eginen dute Kuxkuxtu txarangarekin eta 14:30ean bazkaria.

Zikloa borobiltzeko, azaroaren 2an, Otsandara joanen dira goizean eta bertan omenaldia eginen diote Kottori. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun