Altzate karrikako 21. zenbakian zegoen denda eta Eusko Ikaskuntzako kide zen Ignacio Larramendirena zen eraikina. Larramendi lehenengo pisuan bizi zen orduan, eta baldintza gisa paratu zuen bera bizi zen artean dendan lanean aritzeko aukera izatea. 1940 eta 1950 urteen artean denda zegoen estufa baten ondoan biltzen ziren herriko jakintsuak eta intelektualak, solasean aritzeko.
Garai hartan, batez ere oihalak saltzen zituzten, eta baita drogeriako produktuak eta bitxiak ere. Iparraldetik eta Frantziatik jende aunitz joaten zen Berara erosketak egitera eta souvenirrak ere izaten zituzten.
1987an, Arturoren alabak, Josefina Iglesiasek, Syra alaba bidelagun zuela denda erabat berritu zuen eta gizonezkoen eta emakumezkoentzako arropak paratzeaz gain, etxerako eta barneko arropa ere paratu zuen salgai.
Duela 15 urte, 2015ean, ordura arteko lekua utzi eta Altzate karrikako 30. zenbakira lekualdatu zuen negozioa Mari Jose Ara Iglesiasek. Urteurren borobila ospatzeko asmoa ere badu, dendan paratuko baititu garai bateko kontu liburuak, argazkiak eta baita lan tresnak ere. Gainera, 80 urteak ospatzeko dendako produktu guztietan % 20ko deskontua eginen du heldu den astelehenetik ortzegunera.
Mari Josek hitz onak bertzerik ez ditu bezero eta lagunentzat: «Bezero guztiei eskerrak eman nahi dizkiet beti ematen didazuen babesagatik». Urrian Altzateko karrikan hasiko diren lanak direla eta, «hemendik aitzinera ere dendarekin oroitzeko eskatu nahi diet bezeroei. Behar duten denerako hemen egonen naiz».