Palestina

[ARGAZKIAK] Harrera beroa egin diote Beran Palestinaren aldeko 'Ibaitik Itsasora' martxari

Ttipi-Ttapa 2025eko irailaren 19a

Atzo eguerdian ailegatu zen Palestinaren aldeko 'Ibaitik Itsasora' elkartasun martxa Berara. Eguerdian egin zioten harrera martxari, eta arratsaldean, ekitaldi hunkigarria egin zuten Frantxia Haltzuet plazan. 

Argazkiak: Arantza Agirre eta Ainhoa Larretxea. 

Beratarrak zein inguruko herritarrak bildu zen arratsaldeko ekitaldian. Jendez goraino bete zen Frantxia Haltzuet plaza, eta Palestinari elkartasuna adierazi, eta Israeli genozidioa gelditzeko eskatu zioten. 

Txalaparta doinuekin hasi zen ekitaldia, eta Ibaitik Itsasora martxa aurkeztu ondotik, Aitor Elexpuruk hartu zuen hitza. Palestinar herriari elkartasuna adierazteaz gain, Israel egiten ari den genozidioa salatu zuen alkateak. Ondotik, Palestinako hainbat poeten lanak irakurri zituzten Berako hainbat herritarrek txelo doinuek lagunduta. Labiaga ikastolako, Ricardo Barojako, Toki Ona institutuko eta Lagun Handiak elkarteko ordezkariek, eta Mustafak eta Maria Barredok herritarrek irakurri zituzten poemak. 

Txus Unsionek hartu zuen hitza gero, Ibaitik Itsasora martxaren izenean, eta oroitarazi zuen martxak aitzinera segitzen duela, eta azken bi etapetan parte hartzera animatu zituen bertaratutakoak. Bera eta Palestinako Masafer Yatta herrien arteko senidetza ere egin zuten. 

Ekitaldia Palestinako Dakbe dantza elkarrekin dantzatuz bukatu zuten. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun